Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko Udalak Haizeder Eskola Handitzeko egitasmoa babestearen alde agertu dira
Haizeder Handitzen guraso plataformak egindako mozioari erantzun baikorra eman diote udalek. Zentroan Lehen Hezkuntza ezartzea eskatzen dute plataformakoek.
Haizeder Handitzen guraso plataformak jakitera eman duenez, Eako, Elantxobeko eta Ibarrangeluko Udalek plataformak egindako eskaerak babestearen alde agertu dira. Adierazi duenez, hiru udaletan “aho batez” onartu dute plataformak proposatutako egitasmoagaz bat egitea.
Egitasmoagaz 12 urtera arteko umeek Natxituko eskolan ikasten jarraitzea ahalbideratu gura dute. Helburu nagusia, beraz, Haizeder eskola “sendotzea” da, “Lehen Hezkuntzako etapa osoa integratua izan dadin”. Proposatzen duten erronka “interes orokorrekoa” dela aldarrikatzen dute, eta “hiru herrietako udal ordezkaritzaren babesa jasota” proiektuak aurrera egiteko itxaropenagaz daude.
Hori horrela, pozik agertu dira guraso plataformakoak: “Oraindik aurrera guraso plataformak bakarrik aurrera egin beharrean udalak ere parte aktibora igaro dira”. Azaldu dutenez, Haizederren Lehen Hezkuntza ezartzea Eusko Jaurlaritzak 2019-2023 plangintzan sartzea gura dute. Hori lortzeko udalen babesa ezinbestekoa dela deritzote, “herriaren beharrizan bezala aintzat hartzeko, guraso eskaera soil bezala hartu beharrean”.
Eskaerak. Orain, “aktiboki lan egiten jarraitzeko” asmoa dutela adierazi dute plataformakoek eta udal ordezkariei ere “pauso bat haratago” joateko eskaera egin diete. Horretarako, egitasmoa babesteagaz batera, zonifikazio aldaketa egiteko eskaera egitea gura dute plataformakoek.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz harremanetan jartzeko eskaera egin diete, “Lehen Hezkuntza ezartzeko gurasoek hasietako bideari ekiteko”, baita 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Plangintzan eskolaren handitzeak dakartzan inbertsioak aztertzeko eskaera egitea ere. Eusko Jaurlaritzari akordioaren berri ematea gura du guraso plataformak.