"Bertoko egileak ezagutu behar dira, eta euren lanak zabaldu"
Gernika-Lumoko artista da Abaunza, eta Kultur Etxeko zuzendari legez lan egin du azken 31 urteetan; iaz jubilatu zen. Udalerriko kultura maila "onean" dagoela deritzo.
Gernika-Lumoko Kultur Etxea izan da Rikardo Abaunza artista gernikarraren etxea 31 urte luzez. Iaz zuzendari kargua utzi zuen, eta orain, bere pasioa denari denbora gehiago eskaintzen dio: margotzeari. Hala, berak hainbat urtez antolatutako Gernikarte erakusketan parte hartu du, eta proiektu berriak prestatzen dabil. Gernikak eta bonbardaketak herritarren sormenean zenbat eragin duen aztertzen duen katalogoa egin gura du hain zuzen; lanak bilatzen dabil.
Gero eta jende gehiagok parte hartzen du erakusketetan. Azken urteetan hasi egin ahal da sortzaile kopurua udalerrian?
Jende asko dabil artearen munduan Gernika-Lumon. Gernikarten biltzen diren artistez gain, arteskolako ikasleak edota argazkigintzagaz zerikusia dutenak ere badaude. Badago artea lantzen duen jendea. Hasi nintzenetik gaur egunera arte hasi egin dira ekintza eta parte hartzaile kopurua. Hala ere, erakusketetara gerturatzen den ikusleak gero eta gutxiago direla uste dut; lehen jende gehiago gerturatzen zen Kultur Etxeko zein Elai-Alaiko erakusketetara. Antzerkiagaz ere berdina gertatzen da. Hilero-hilero bildumak ikustera etortzea ez da ohitura zaila, baina ez da hori gertatzen. Ohitura galdu da.
Diziplina eta artista ezberdinen aterpe izaten da Kultur Etxea hainbat urtez.
Gauza desberdinak landu ditugu, eta eskualdeko herritarrei zein artistei lehentasuna ematen diegu beti. Urtean 300 artista ingururen lanak jasotzen ditugu. Herriz herri erakusketak ikusten joaten gara, eta jende gaztearen berri izaten dugu. Bertoko egileak ezagutu behar dira, eta euren lanak ikusi eta zabaldu.
Eskualdeko artisten etorkizuna zelan ikusten duzu?
Musika mailan esanguratsua da Gernika-Lumo. Talde asko daude, maila onekoak gainera. Orain dela 20 urte ez genuen pentsatuko daukagun udal musika eskola edukitzea, ez eta Julia Foruria musika ikastegiko maila edukitzea ere. Kultur Etxean ere gogor egiten dute lan arduradunek, eta Astran ere hainbat dira antolatzen diren ekintzak. 17.000 biztanleko herri batentzako Gernikan dagoen kultur aberastasuna esanguratsua da. Elkarteak ere arlo guztietakoak daude. Hala ere, gazteak gehiago inplikatu behar dira. Gustuak aldatzen doaz, eta orain bideo eta arlo digitalean dabil lehen baino gazte gehiago. Hala, etorkizuna ondo ikusten dut.
Kulturan inbertitzea beharrezkoa da.
Kulturan inbertitzeak ez dauka segituko erantzuna. Ez da jarraian irabaziak ikusteko arloa. Politika mailan jarraian ikusten da egindako inbertsioak zenbateko erantzuna daukan, baina kulturan ez da hori gertatzen. Urteen joanagaz ikusi behar dira emaitzak, eta orduan egin behar dira hausnarketak. Udalerriaren kasuan, asko inbertitu dugu musikan, eta ikustekoa da daukagun musika banda. Epe luzeko inbertsioa da kultura.
Zer da Kultur Etxeko zuzendaria izanda gehien ikasi duzuna?
Arlo guztietako jendea ezagutu dut, eta antolakuntza mailan asko ikasi dut. Zuzendari izan naizen legez, alde bateko zein bestekoekin batu naiz, eta denei aukerak ematen saiatu. Hala ere, askok eurena dela garrantzitsuena pentsatu izan dute beti, eta hori bideratu beharreko gauza da; akats nabarmena. Alde bateko zein bestekoen iritziak jaso eta bideratu behar izan ditut.
Zer da gehien gustatu zaizuna?
Beti gustatu izan zait musikaren zein artearen inguruan mugitzea. Historia asko landu dut, eta niretzako ederra izan da arlo guzti horietako jende ezagun eta ez hain ezagunekin topo egitea. Sortzaileen inplikazioa ikustea ederra da, bakoitzak bere erara. Kanpoko jende eta artista asko ezagutu ditut, eta horiekin gustiekin kontaktua edukitzea ederra izan da. Halaber, Gernika-Lumok parte hartu zuen Bakearen Bidearen prozesuan parte hartzea da momenturik “berezienetakoa” niretzat.
Zein da zuretzako unerik azpimarragarriena?
Bonbardaketaren urteurrenetako ekintzak antolatzea izan da zuzendari bezala izandako esperientziako onena. Beharrezkoa ikusten genuen urteurrenean pograma kultural ona antolatzea, eta lortu genuen; Gernika Sariak bultzatu ditugu besteak beste. Hala ere, bizitako beste momentu on asko ere badira azpimarragarriak.
Asko miresten dituzun hainbat artistak ezagutzeko aukera eduki duzu?
Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida… asko dira ezagutu ditudan artistak. Basterretxeagaz askotan egon naiz, eta berarekin proiektuak prestatu ditut. Gainera, Astraliako, Austriako zein Alemaniako beste hainbat artista ezagun ezagutu ditut. Batzuk Kultur Etxean egon dira, eta beste batzuekin euren erakusketak koordinatu ditut. Euskal Herriko zein atzerriko beste Kultur Etxeetako arduradun askogaz egon izan naiz, hainbat eta hainbat proiektutan buru-belarri sartuta, eta horrek artista berriak ezagutzeko aukera ere eman dit.
Artearen munduan jarraituko duzu? Zein proiekturekin zabiltza orain?
Orain denbora daukat nire bokazioa den hori egiteko, hau da, margotzeko. Hori da beti egin gura izan dudana, eta egiten ahalegindu naizena. Orain arte ez dut denbora nahikorik eduki, baina orain badaukat, eta margotzen jarraitzen dut. Gainera, proiektu berriak ditut esku artean. Gernikagaz eta bonbardaketagaz zerikusia daukaten lanak ditugu Kultur Etxean batuta, eta horiek eta beste hainbat bildu gura ditut. Izan ere, bonbardaketak herriko sorkuntzarako zer suposatu duen landu gura dut. Arte, musika zein literatur mailako materiala batzen nabil handik eta hemendik. Horiek guztiak batuta, katalogo bat egiteko asmoa daukat, eta horrekin, artista guztiek memoria lantzeko egindako lana eskertu gura dut. Apurka apurka albisteak aurkitzen gabiltza.