Preso gaixoen eskubideen aldeko kontzentrazioa egingo du Busturiko Sarek
Etzi, Santiago Egunean, batuko dira busturiarrak Axpe auzoan.
Kepa Arronategi gernikarra eta larriki gaixo dauden beste presoak etxera ekartzeko aldarrikatzeko ekimena egingo du Busturiko Sarek etzi. Santiago Eguna dela aprobetxatuta, Busturiko Axpe auzoan batuko dira.
Orain hilabete batzuk Arronategi Almeriatik Zaragozako Zuera espetxera lekualdatu zuten, etxetik 270 kilometrotara. Busturiko Sarekoek salatzen dutenez, “Arronategiren egoera oso larria da, gaixotasun sendaezinaz jota”. Hori horrela, gernikarrak daukan gaixotasuna “bere etxekoen ondoan artatzeko eskubidea ukatzen zaio”, diote herritarren sarekoek, “urruntze politikaz gain”.
Gainera, “Espainiako espetxe legediak egoera berezietarako baldintza bereziak kontuan hartzen dituela” gogoratu dute busturiarrek. Horren barnean Arronategi bezalako “larritasun handiak edo sendaezinak dituzten gaixoak” kokatzen direla aldarrikatu dute. Hortaz, espetxe araudiko 100.4 artikuluak adierazten duena jarraituta, “gaixotasunaren beharrezko informearekin eta presoaren sailkapena kontuan izan gabe, hirugarren graduan beharko lukete”.
21 preso larriki gaixo. Adierazi dutenez, azkenaldian “berba asko” egin da larriki gaixorik dagozen euskal presoen gainean; “Txus Martinezen bihotzeko ebakuntza larria zela, edo Oier Gomez minbiziz hil zen gasteiztarra zela, besteak beste”.
Ildo horretan, Arronategiren eta larriki gaixorik dauden beste 20 presoen egoera gogora ekartzeko egingo dute kontzentrazioa busturikoek, “profesionalek artatzea eta presoaren giro zein ingurunearen aldaketak gaixotasunaren garapenean positiboki eragingo duela” aldarrikatzeko asmoz.
Sarekoen arabera, “legediaren aplikazioa ez da inolaz ere estatuaren amore emate gisa ulertu behar. Hau da, larriki gaixorik dauden presoen kaleratzea ez da amore ematea, euren eta Europaren legedia betetzea baino ez da”. Guzti hori aldarrikatzeko Axpeko bus geltokian bilduko dira etzi 20:00etan.