Lointek Gernikak Avenidaren kantxan hasiko du Eurokopa
Urriaren 17an Salamancan hasiko dute Europako txapelketa, eta etxeko lehen partidua urriaren 23an lehiatuko dute Uni Györ talde hungariarraren kontra. Gaur egin dute multzokako fasearen zozketa, eta aipatu taldeez gain, Olivais talde portugaldarra.
2019-2020ko Emakumezkoen Eurokopako multzoen faserako zozketa egin dute goizean, eta Lointek Gernikari F multzoa egokitu zaio. Salamancako CB Perfumerias Avenida, Hungariako Uni Gyor eta Portugalgo Olivais FC dira multzoko gainontzeko taldeak. Aipatu lehen biak ondo ezagutzen ditu; Avenida Dia Ligako talde indartsuenetako da eta Uni Gyor-ren kontra iaz ere jokatu zuen Eurokopan (aurreko denboraldian laugarren sailkatu da Hungariako ligan). Olivais taldea, berriz, Portugalgo ligako egungo txapelduna da.
Maite Etxeandia zuzendaritza taldeko kidea izan da Alemaniako (Alemania) egin duten zozketan, eta multzo “oso zaila” tokatu zaiela adierazi du. Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak, berriz, iazko multzoaren antzekoa dela zehaztu du: “Avenida titulua lortzeko hautagai nagusietako bat izango da, faboritoetako bat. Beraz, beren kontrako partiduetan beste taldeok ez dugu aukera askorik edukiko. Gyor ere ezagutzen dugu iaztik. Kantxa zaila da, iaz galdu egin genuen bertan, baina, etxean irabazten jakin genuen. Beraz, euren kontra irabaztea izango da gure helburua. Eta iaz Eurokopan aurkari izan genuen Azoreetako taldea mendean hartu zuen ligako finalean Olivaisek”.
Multzoko bigarrenak geratzeko erronka izango dutela esan du: “Multzoan bigarren postua lortzeko borrokatuko gara. Talde on batean duintasunez lehiatu ahal garela uste dut”. Erronka berriari aurre egiteko gogotsu daudela nabarmendu du.
Lointek Gernikaren partiduak:
- Urriak 17 (20:30): CB Avenida-Lointek Gernika
- Urriak 23 (20:00): Lointek Gernika-Uni Györ
- Urriak 31 (20:30): Olivais-Lointek Gernika
- Azaroak 6 (20:00): Lointek Gernika-CB Avenida
- Azaroak 27 (18:00): Uni Gyor-Lointek Gernika
- Abenduak 4 (20:00): Lointek Gernika-Olivais