Baserritik itsasora, Madalen Egunez
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak lehenengoz jaurtiko du teila Izaro aurrean, eta Elantxobera iristerakoan aurten kargua hartu duen Patxi Egurrolak emango dio alkate makila.
Tradizioa, historia, itsasoa, izaera instituzionala eta herritarren jai gogoa. Horiek guztiak biltzen ditu Madalen Egunak, eta astelehenean marea urdinak hartuko ditu, beste behin, Bermeo, Mundaka eta Elantxobe.
Kankinkabara Txistulari Taldearen doinuekin hasiko dute eguna bermeotarrek, eta meza entzun ostean, kresalak bustiko ditu herritarrak. Itsasontziei kolore urdina eman, eta Izaro osteko urpean beste teila bat hondoratuko dute, beste urte batez, gogoratzeko, bertaraino zabaltzen direla Bermeoko mugak.
Uhartearen ipar ekialderantz dauden mugak Bermeorenak direla direla aldarrikatzeko, Aritz Abaroa alkateak lehenengoz jaurtiko du teila. “Ohore handiz biziko dut Madalen Eguna. Bermeotar batentzako ohore handia da horrelako ekintza batean, eta, gainera, alkate modura parte hartzea”, dio Abaroak.
Herrian jai egun “polit” asko dituztela uste du, baina madalenak “bereziak” dira. Hala, ohiturak mantentzeko ekitaldietan zuzenean parte hartzeko “gogotsu” dagoela aitortu du alkateak.
Ez da izango, baina, Madalen Egunean parte hartuko duen lehen aldia: “Zorionez, gauza desberdinak egiteko aukera izan dut azken urteotan. Zinegotzi modura parte hartu dut, eta gonbidatu modura ere ezagutu ditut jaiak. Urte desberdinetan, gainera, Izarora igotzeko aukera eduki dut Bermeoko bandera eta ikurrina jartzeko, eta aurtengo eguna alkate modura bizitzeko zortea daukat”.
Hala, Madalen Egunean Bermeoko alkateak duen kargua aintzat hartuta, bermeotarren teila jaurtiko du. Trebis deitutako Bermeoko baserri zaharrenetariko baten teila izango da aurtengoa: “Herriko baserri zaharrenetako baten teila da, eta itsasoa eta lurraren arteko lotura islatu gura dugu”. Izan ere, Bermeoko auzoak herriaren parte direla aldarrikatu gura dute.
Horrez gain, azken urteetan galduta egon den ohitura bat berreskuratuko dutela dio alkateak: “Gure baserri eta auzoetako alkateak gonbidatu ditut protokoloko ekintzetan parte hartzera. Auzoen eta herriko erdigunearen arteko lotura hori indartu gura dugulako gonbidatu ditut”.
Teila jaurtita, Elantxobe izango da hurrengo helmuga, eta Patxi Egurrola kostako herri txikiko alkatea arduratuko da herriko makila Abaroari emateaz.
Egurrolarentzat ere “ohorea” da urteetako tradizioari jarraipena ematea. Protokoloa jarraituz biziko ditu aurten madalenak, baina Elantxobe Arraun Taldeko arduradunetako bat den legez, herriko giroan murgilduta ibiliko da: “Protokoloa zaintzeaz gain, herriko giroan parte hartzeko aukera izango dut. Dena ondo joateaz arduratuko naiz”.
Madalenetan, gainera, sanpedroetan martxan jarri zuten eraso sexisten kontrako kanpainagaz jarraituko dute. Elantxoben ez ezetz da ekimena arrakastatsua izan zen orduan. “Kontzientziazio lanean buru-belarri gabiltza, eta hori gura dugu: jai guztietan denok errespetuz jokatzea; ez ezetz da”. Hala, herritarrei eta herrira doazenei gozatzeko gonbita egin die alkateak, “ondo pasatzeko eguna delako”.
Baztarrekoen eguna, bihar. Astelehena da Madalen Eguna, baina bezperan ere gozatzeko aukera edukiko dute Bermeoko eta Mendatako bizilagunek.
Urtero egin legez, Baztarre kaleko jaiak ospatuko dituzte bezperan, eta kaleko jai batzordeak egun osoko egitaraua prestatu du. Umeen jolasekin hasiko dira, eta txotxongiloen saioa izango dute gero. Eguerdian denetariko pintxoak dastatuko dituzte, eta arratsaldean itzuliko da festa.
Musikak hartuko du, orduan, Baztarre. Izan ere, herriko hainbat talde ariko dira zuzenean: Kankinkabara Txistu Taldea, Kanta Kanta Lorue, Bermeotarrak Fanfarrea, Elektrotxaranga, Dekot taldea eta Paul Larrozea.
Mendatako Albiz auzoan ere, madalenak ospatuko dituzte. Mus txapelketan eta makailao janean batuko dira bihar, eta herri bazkaria egingo dute bezperan. Bazkarian egon nahi duenak bihar izango du izena emateko azken aukera; txokoan izena eman behar da.
Madalen Egunean, berriz, mezan batuko dira eguerdian, eta trikitilariek girotuko dute ondorengo poteoa.