Uztaila jai giroan amaitzeko prestatzen
Busturiko Axpe auzoa, Kortezubi, Morga eta Nabarnizko Lekerika auzoa jaietarako prest daude. Santiago eta Santa Ana jaiak uztailari agur esateko era ezin hobea izango dira eskualdeko hainbat lekutan.
Herri eta auzoetako jaiak aurrera doaz uda garaia igarotzen ari dela. Oraingo honetan, Busturialdeko hainbat herriren eta auzoren txanda heldu da. Santiago eta Santa Ana jaiek jardueraz betetako egitarauak dakartzate datozen egunetarako.
Kortezubiko herritarrak gogotsu daude udalerriko jai nagusiak hasteko. Ume zein nagusientzako kirol ekintzak izango dira nagusi festetan. Zaldi edota giza probekin batera, uztailaren 25ean Ekin esku pilota taldeko gazteen partiduak ikusi ahalko dira herriko frontoian. Hala ere, beste mota askotako jarduerentzako lekua ere egongo da.
Berritasun bezala, aurten herriko argazkilariei zuzendutako egitasmoa prestatu dute Kortezubikoek. Jaietako argazki rallya bi kategoriatan banatu dute: 18 urte baino gazteagoak, alde batetik, eta helduen kategoria, bestetik. Jaiak ardatz dituzten argazkiak ateratzea da ekimenaren helburua; hiru argazki onenak sarituko dituztela aurreratu dute.
Cowboy-ak Morgan. Morgatarrek cowboy-en giroan murgilduko dute herria jaietan. Morwest izenagaz, ohi bezala, uztailaren 25eko sukalkira mozorrotuta joango dira, eta oraingo honetan Far West-eko filmak hartu dituzte mozorrotzeko gai nagusitzat. Herri bazkaria egin ondoren ere zer egin izango dute: musikaren doinuek girotuko dute Morga, DJ Oihan Vegaren eta Orots taldearen erromeriagaz.
Nabarniztarrek Lekerika auzoan ospatuko dituzte santiagoak eta santanak. Horretarako, Santiago baselizan batuko dira santuaren egunean. Mendi lasterketa izango da egun berezi horretako protagonistetako bat; laugarrenez egingo dute Iluntzarretik igarotzen den 7 kilometroko luzera duen ekimena. Parte hartu nahi duenak 12:50ak baino lehen izena eman beharko du.
Horrez gain, Kabelinatxe Dantza Taldearen emanaldia, paella txapelketa, umeentzako jolasak eta beste hainbat ekimen izango dituzte herrikoek eguna giro ederrean ospatzeko, Juan Jo-ren erromeriagaz amaitzeko.
Busturiarrak, Axpera. Busturiarrak San Kristobal auzotik Axpera joango dira jai giroan jarraitzeko. Uztailaren 24an hasiko dituzte festak, pala txapelketagaz. Hurrengo egunean, baina, Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizunagaz eta herriko txistularien kalejiragaz gozatuko dute.
Arratsaldean, karrozen desfilea egingo dute mozorrotutakoek. Parte hartu nahi duenak bihar arte dauka irekita izena emateko epea, herrikoa zein kanpokoa izan. Eliza aurrean batuko dira 19:30ean, eta handik Izpiluetaraino joango dira partaideak, ostean Batzokian sabela bete eta pasatakoak gogoratzeko.
Uztailaren 27an, jaiak amaitzeko, sukalki txapelketa egingo dute Busturikoek. Horrez gain, antzezlanagaz arratsaldea igaro edota idi probak ikusteko aukera edukiko dute bertan biltzen direnek.
Egitarauak
Busturia (Axpe):
- Uztailak 24, eguaztena:
- 18:00. Pala txapelketa.
- 20:00. Organo kontzertua Cristina Garcia Banegasen eskutik, Andra Mari elizan.
- 21:30. Adiskideak Fanfarria.
- Uztailak 25, eguena:
- 11:00. Kalejira herriko txistulariekin.
- 12:00. Meza nagusia.
- Ostean. Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizuna eta Etxebarria trikitilariak.
- 18:00. Esku pilota partiduak.
- 20:00. Karrozen desfilea.
- 21:00. Puro Relajo taldea.
- Uztailak 26, barikua:
- 11:30. Meza nagusia, Arrotegi egoitzan.
- Ostean. Irrintzi Alai Dantza Taldearen ikuskizuna, Arrotegi egoitzan.
- 17:00. Umeen parkea.
- 19:00. Idi probak: Joseba Bikarregi (Erandio), Jose Luis Elortegi Txapas (Barrika) eta Duñabeitia Egurrak (Kortezubi).
- 21:00. Txokolatea.
- 21:30. Xaiborren disko festa.
- Uztailak 27, zapatua:
- 12:00. Sukalkirako izen ematea.
- 13:30. Kantu kantari.
- 14:30. Sukalkien aurkezpena eta sari banaketa.
- 18:00. Markeliñe antzerki taldearen On egin ikuskizuna.
- 19:00. Idi probak: Iturbe Harategia (Paresi), Lañe Aurrekoetxea (Derio) eta Juan Mari Ordorika (Lumo).
- 22:00. EinGO taldeagaz animazioa, kalez kale.
Kortezubi:
- Uztailak 25, eguena:
- 10:30. Meza santua, Eskolakristo Musika Koruak lagunduta.
- Ostean. Bakailao eta piper jana.
- 12:00. Kortezubiko umeen euskal dantzak.
- 13:00. Ekin esku pilota taldeko umeen bi partidu.
- 18:30. Umeen antzerkia.
- 19:00. Apar jaia.
- 20:00. Bizkaiko Giza Proba Txapelketaren 1. jardunaldia:
-Harri handia: Gorka de la Concepcion, Santi Zubizarreta eta Eneko Bilbao.
-Harri txikia: Gotzon Abasolo, Beñat Amade eta Jon Ormaza. - 21:00. Xaibor.
- Uztailak 26, barikua:
- 11:30. Meza santua.
- 12:30. Hamaiketakoa.
- 18:00. Futbito eta saskibaloi txapelketak.
- 19:00. Tortilla Txapelketarako izen ematea.
- 20:00. Urdaibaiko Organoak: Gernikako Andra Mari korala eta Benantzi Bilbao (armonio), Santiago Aposton elizan.
- 21:00. Tortillen aurkezpena eta sari banaketa.
- 22:00. EinGO taldea.
- Uztailak 27, zapatua:
- 12:00. Umeen herri kirolak.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 16:00. Umeen jolasak.
- 18:00. Pancho Balbuena mariatxia.
- 20:30. Lau Katu musika taldea.
- Uztailak 28, domeka:
- 10:30. Meza Santua.
- 18:00. Kortezubiko Zaldi Gazteak 2019 probak: Belaustegi (Berriatua), Unai Aresti (Laukiz) eta Etxetxo (Zumaia).
Morga:
- Uztailak 24, eguaztena:
- 20:00. Txitxi-burruntzi.
- 20:30. Erromeria: Lehian taldea.
- Uztailak 25, eguena:
- 13:00. Meza.
- 14:00. Sukalki aurkezpena.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 18:00. Oihan Vega.
- 20:00. Taloak.
- 21:00. Erromeria: Orots taldea.
- Uztailak 26, barikua:
- 13:00. Meza.
- Ostean. Trikitilariak.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 18:00. Puzgarriak, bits jaia eta ginkana.
- 20:00. Dantzatzeko prest DJa.
Nabarniz (Lekerika):
- Uztailak 25, eguena:
- 11:30. Meza nagusia.
- 12:15. Kabelinatxe Dantza Taldearen emanaldia.
- 13:00. Iluntzar IV. Mendi Lasterketa (izen ematea 12:50ak baino lehen).
- 14:00-17:00. Umeentzako jolas parkea.
- 14:00. Txapelketako paellen aurkezpena.
- 17:00. Herriko umeen antzerkia.
- 17:30. Herri kirolak.
- 19:30. Erromeria Juan Jo-gaz.