Denena, denen artean garbitzen
Udalekuetako umeek hainbat gurasok eta bisitarik lagunduta Eako erreka garbitu dute goizean.
Erreka denena dela, eta beraz, denen artean zaindu eta garbitu behar dela gogora ekarri dute gaur, Ean. Goizeko itsasbehera aprobetxatuta, errekara sartu eta han eta hemen aurkitutako guztia bildu dute.
Azaldu dutenez, denetariko zaborra jasotzen dute urtero-urtero, baina batik bat plastikoa egoten dela zehaztu dute: “Garrantzitsua da umetatik kontzientzia hartzea. Herriko kaleetan, frontoian zein hondartzan botaz gero, haizeak errekara zein itsasora eroaten ditu, eta hori azaltzen diegu”.
Aspalditik garbitzen dute auzolanean erreka, eta azken lau urteotan udalekuetako umeek, monitoreek eta zenbait gurasok ere laguntzen dute zeregin horretan. Hain zuzen, adinaren arabera taldeka banatuta aritu dira gaur ere.
Gainera, herrikoak zein udatiarrak ez ezik, Ean egonaldi laburragoak egiten dituztenak ere animatzen dira batzuetan, eta aurten ere horrela izan da: “Egun batzuk pasatzera etorri gara Eara. Atzo erreka garbiketaren berri izan genuen eta animatu egin gara”, adierazi du bistari batek.