Datorren ikasturterako ikastetxeentzako ekintza programa zehaztu du Bermeoko Udalak
Programa bederatzi multzotan banatu dute 2019-2020 ikasturterako. Aurreikusitako ekimenen artean, kirol praktikak sustatzeko edota herriko ondarea ezagutzera emateko jarduerak egingo dituzte.
2019-2020 ikasturtera begira ekintza eta programa propioak izango dituzten bederatzi multzo definitu ditu Bermeoko Udalak. Horrela, “eskaintza zabala eskainiko dutela” adierazi dute udalak eta bere organismo autonomoek. Eskaintza horren berri emateko udalerriko ikastetxeetako ordezkariekin bildu zen Aritz Abaroa alkatea.
Aipatutako bederatzi multzoen artean dago, esaterako, Gizarte Ongizaterako Udal Patronatua. Bere helburua “adin txikiko haurrak babestea” dela azaldu dute, “heldutasun prozesuak dakartzan arrisku egoerei aurre egiteko estrategiak erakutsiz”, baita norberagaz zein gainontzekoekin “lotura emozional osasuntsuak sortzea”.
Kirol Patronatuak, bere aldetik, “aisialdian kirol praktikak sustatzea” bilatuko du, baita “ikasleak kirol jarduerarekin sentsibilizatzea” ere. Kultura eta Hezkuntza Sailaren helburua “Bermeoko ondarea herritarrei ezagutaraztea” izango da, herriko ohiturak sustatuz horrela. Helburu berbera du Turismo, Merkataritza eta Behargintza Sailak.
Ume eta gazteen artean “euskararen erabilera indartu” gura du Euskara Sailak datorren ikasturtera begira. Berdintasun Sailak ere Bermeoko ikasleak kontzientziatzeko zenbait sentsibilizazio kanpaina egitea aurreikusi du. Gazteria Sailak, berriz, drogen menpekotasuna ekiditu eta adikzioei aurre hartzeko ohitura osasungarriak bultzatzeko ekimenak eta gazteei laguntza eta informazioa eskaintzeko jarduerak prestatu ditu.
Urigintza, Obrak eta Ingurumena Sailak jasangarritasunaren eta ingurumenaren “garrantzia azpimarratzeko” ekimenak antolatuko dituela azaldu zuten. Bukatzeko, udalak ikastetxeei elektronikoki tramitatzeko aukerak eskaintzeko erraztasunak emango ditu Antolakuntza eta Teknologia Barriak Sailak.