Kortezubin eta Foruan lehenengoz entzungo dira organoen doinuak
Mundakako organoaren kontzertuagaz hasiko dute etzi Mundakan Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloa. Duela bi hilabete zendutako Juan Rekarte musikaria omenduko dute Foruko kontzertuan.
Mundakako organoaren kontzertuagaz hasiko dute etzi Mundakan Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloa. Aurtengo zikloan, lehenengoz, Kortezubin eta Foruan ere emango dituzte kontzertuak, eta Foruan, gainera, duela bi hilabete zendutako Juan Rekarte musikaria omenduko dute.
Ondare kulturala kontserbatzeko eta berreskuratzeko, eta musikagaz gozatzeko antolatutako Urdaibaiko Organoak kontzertu zikloa hamaseigarrenez egingo dute aurten. Abuztuaren 15era bitartean, iaz egin legez, hamabi emanaldi antolatu dituzte.
Organoa balioan jartzea bilatzen dute musika emanaldiak Busturialdeko bederatzi herritan egingo dituzte; Arratzun, Bermeon, Busturian, Forun, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Kortezubin eta Mundakan. “Urtez urte gero eta herri gehiago dira organoen zikloan parte hartzen dutenak, eta oso pozgarria da hori”, adierazi du gaur Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapenerako Elkarteko kudeatzaileak.
Foru eta Kortezubiko herrietan lehenengoz entzungo dira organoen doinuak. Hala, herri bi horietako organoak konpondu dituzte: “Bi armonio eder dira hobetu beharrekoek, eta kontzertuek instrumentu horiek konpontzen lagunduko diete bi parrokiei”. Izan ere, ondare kulturala diren organoak mantendu gura dituzte.
Programa berezia prestatu du Benantzi Bilbao ekimenaren zuzendariak, “ohitura zaharrak aurrera botatzeko” asmoz. Hala, iaz omendu zuten Andra Mari koralak musikatuko du Kortezubiko eliza Bilbaogaz batera, eta Foruan, ere, Bilbao bera ariko da organo jotzaile gisa. Foruko emanaldia berezia izango da Bilbaorentzat, duela bi hilabete zendu zen Juan Rekarte omenduko du-eta: “Rekarte gure kulturaren zabaltzaile handia izan zen. Hainbat disko kaleratu zituen; besteren artean, Gautegiz Arteagan eta Ziortzan bertan grabatutakoak”. Hala, musikariaren omenez zortzi pieza joko dituela aurreratu du.
Lehen mailako protagonistak. Etzi, baia, Stephan van de Wijgerten kontzertuagaz hasiko da zikloa Mundakan, eta zikloak irauten duen hilabetean zehar, goi mailako musikari ospetsuek parte hartuko dute. Gautegiz Arteagan Alfonso Saez organo jotzailea Cristina Bayon sopranoagaz ariko dela azpimarratu du Bilbaok, eta Busturiko lehenengo kontzertuan ariko den organo jotzailea nabarmendu du: Cristina Garcia. Musikaria Uruguayetik gerturatuko da Busturira uztailaren 24an, eta zortzi pieza interpretatuko ditu Andra Mari elizan. Herri horretan egingo den bigarren kontzertua emateaz arduratuko da Radoslaw Marzek musikari poloniarra; iazko zikloan ere aritu zen.
Gernika-Lumoko Mertzede parrokian Olimpio Medori musikariaren eskutik entzungo dira organoen doinuak. “Inoiz ez dugu horrelako kontzerturik eskaini, klabezina organoagaz nahastuko dugun lehenengo aldia izango baita”, aitortu du Bilbaok. Izan ere, Medorigaz batera, Mara Fanelli ariko da klabezina jotzen.
Mateteo Imbruno bigarrenez ariko da Urdaibaiko Organoak Joxe Mari Egileor kontzertu zikloan; aurten, Bermeon. Ibarrangelun ariko den Margherita Sciddurlo organo jotzailea ere berriro gerturatuko da eskualdera. Halaber, organoen zikloa musikari berrien aterpe ere izango dela aitortu du Bilbaok: “Carlos Arturo Guerra musikari gaztea Cuencatik etorriko da, eta organista itzela da Gernikan arituko dena”. Arratzun jotzeko, japonitik gerturatuko diren Graziella Morino sopranoa eta Nozomi Fukuda organista ere nabarmendu ditu. Arratzuko armonioa da eskualdeko zaharrena, 1850. urtekoa.
Mundakan hasi eta bertan bukatuko dute zikloa, azken kontzertua, baina, Javier Artigas eta Benantzi Bilbaorena izango da. Eta besteren artean, Jesus Guridi edota Pablo Sorozabal artisten doinuak interpretatuko dituzte.
Ondarea mantentzen. 2004. urtean abiarazi zuten Urdaibaiko organoen kontzertu zikloa, “organoak berritzeko eta balorean jartzeko asmoz”. Ordutik, sei organo handi berritu dituzte, eta hori dela hain zuzen, kontzertuak ematen jarraitzeko arrazoi nagusia esan du Bilbaok. Izan ere, parrokietara gero eta jende gutxiago joaten dela dio, eta ondorioz, zailagoa dela organoak berritzeko dirua aurkitzea.
Bizkaian dauden barroko estiloko sei organoetatik hiru Busturialdean daudela gogoratu du beste behin: Busturiko Axpeko Anda Mari elizan, Ereñoko San Migel elizan eta Muxikan. Muxikako San Bizente Martiriaren organoa “altxor bat” dela esan du, baina hondatuta dagoenez, urteak “mutu” daramatzala gehitu du. Halere, musika tresna “baliotsu” hori berreskuratzeko “deialdi adoretsua” egin dute beste behin.
“Bizkai erditik bueltaka ibili den organoa da. Markina-Xemeinerako egin zen, eta handik Mundakara eraman zuten. Gero, saltzea erabaki zuten mundakarrek, eta Muxikan dago orain”, azaldu du Bilbaok. Hala, organo zaharra berritzeko proiektuak aztertzen dabiltza, erabakirik onena zein izango litzatekeen pentsatzen. Muxikakoaz gain, beste organo batzuk ere badaude eskualdean, Lumokoa esaterako. Udalerriko organo hori berriztatzen dabiltzala aurreratu du, eta datorren urteko ziklorako prest edukitzea aurreikusi dute.
Aurtengo liburuxkaz ere mintzatu da zikloaren zuzendaria, eta liburuxkagaz ondare musikala zabaltzeaz gain, Busturialde guztia ezagutaraztea bilatu dutela aitortu du: “Aurten arrantza ontzia sartu dugu azalean. Azken urteetan galtzen doan arrantza tradizioa gogoratu eta marinelak omenaldu gura izan ditugu”. Alfredo Ugartek egin du azala, eta liburuxkaren barruan, gainera, Elantxobeko herritarrek eta Bermeoko Arrantzaleen Museoak bialdutako arrantza ontzien argazkiak sartu dituzte.
Bisita gidatuak. Urtero legez, bisita gidatuak ere egingo dituzte. Mundakako Andra Mari elizara uztailaren 24an eta abuztuaren 11n joango dira, eta Busrturiko Axpe auzoko Andra Mari elizara, berriz, uztailaren 28an eta abuztuaren 4an.
Busturira joan nahi dutenek94-617 10 04 telefonora deitu beharko dute edota urdaibaikoorganoak@gmail.com helbidera idatzi. Mundakara joan nahi du tenek, aldiz, 94-617 72 01 telefo-no zenbakira deitu beharko dute edota helbide elektroniko berera idatzi.
Kontzertuak:
Etzi. Mundakako Andra Mari elizan, 20:30ean.
Uztailak 20. Gautegiz Arteagako Andra Mari elizan, 20:00etan.
Uztailak 24. Busturiko Axpeko Andra Mari elizan, 20:00etan.
Uztailak 25. Gernika-Lumoko San Bartolome Mertzede parrokian, 20:00etan.
Uztailak 26. Kortezubiko Santiago Apostoluaren elizan, 20:00etan.
Uztailak 27. Bermeoko San Frantzisko elizan, 20:30ean.
Uztailak 28. Foruko Tourseko San Martineren elizan, 13:00etan.
Uztailak 28. Ibarrangeluko San Andres elizan, 20:00etan.
Uztailak 31. Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, 20:00etan.
Abuztuak 3. Arratzuko Santo Tomas elizan, 20:00etan.
Abuztuak 10. Busturiko Axpeko Andra Mari elizan, 20:00etan.
Abuztuak 15. Mundakako Andra Mari elizan, 20:00etan.