Horma bakarreko VI. Esku Pilota Txapelketa lehiatuko dute, bihar
Hamabi pilotari elkartuko dira herriko plazan, eta arratsalde osoan jokatuko dituzte partiduak, 18:00etan hasita. Antolatzaileen helburua frontoiari oihartzuna ematea da.
Seigarren urtez, Ajangizko Esku Pilota Txapelketa antolatuko du Gantzabale Elkarteak bihar, herriko horma bakarreko frontoian. Hamabi pilotarik parte hartuko dute eta bikoteak osatzeko zozketa txapelketa hasi aurretik egingo dute, plazan bertan.
18:00etan ekingo diote “sei bikoteren arteko desafioari”, eta arratsalde osoan zehar jokatuko dituzte norgehiagoka guztiak, finalerdiak eta finala barne. “Bertaratutakoek gutxienez bost partidu ikusteko aukera izango dute. Egun oso polita izaten da Ajangizen, izan ere, herritarrak batzen garen eguna izaten da, eta pikeak egoten dira, apustuak… Jai giroan pilotaz disfrutatzen dugu urtero”.
Inguruko herrietako pilotariek parte hartuko dute txapelketan, eta profesional izandako bat ere bada, Aitor Irusta munitibartarra. Gainerako kirolariak Arrizabalaga, Albizu, Bilbao, Iglesias, Jaio, Kato, Minima, Muniozguren, Muruaga, Okamika eta Uriondo dira: “Denek ere maila berdintsua dute”. Antolatzaileek bihar bertan erabakiko dute zenbat tantotara jokatuko dituzten partiduak, “ziurrenik, 18 edota 22ra”.
Bikote irabazleak txapela jasoko du, eta pilotari guztiei “bertako produktuak” emango dizkiete, hala nola, gazta, ardo botilak… “Denak musu truk datoz txapelketa jokatzera, horregatik gure esker ona adierazi nahi diegu opari hauekin”. Finala jokatu ostean, “ohitura bilakatu den txerriki-jana” izango dute Ajangizko plazara hurbildutako guztiek.
Horma bakarreko frontoia denez, txapelketako arduradunek adierazi dute jokatzeko era eta pilotariek izaten dituzten erreferentziak “ezberdinak” izaten direla. “Frontoi laburra da, eta zabala, beste era batera jokatzen dute kirolariek”.
Ondare historikoa. Ajangizko horma bakarreko frontoia ondare historiko eta kultural izendatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak orain dela urte batzuk: “Bizkaian ez daude asko, eta txapelketa honen helburua gure frontoiari oihartzuna ematea da”.
Urte askotan herriko neska-mutilek bertan jokatu dute pilotan, palarekin, futbolean… Izan ere, Ajangizko elizaren kanpoko pareta frontoi moduan erabili dute “betidanik” herritarrek, eta plaza “kantxa bilakatu dugu”.