Ilunabarrak kolorez jantziko dituzte Arratzun
Ilunabarrak plazan zikloa jarriko dute martxan bihar Arratzuko herritarrek. Herriko eskaintza kulturala bultzatu asmoz, eguenero 20:00etatik aurrera, kultur eskaintza desberdinak egongo dira Loiolako plazan. Bihar, Nebbian taldea ariko da plaza girotzen.
Herriko gazte, nagusi zein haurrei eskaintza kulturala emateko. asmoz, Ilunabarrak plazan zikloa martxan jarri dute Arratzuko herritarrek; lehenengoz antolatu duten ekimena da honakoa. Hala, uztailean, eguenero 20:00etatik aurrera, kultur eskaintza desberdinak egongo dira Loiolako plazan, eta herritarrei bertan batzeko eta ondo pasatzeko deia egin diete antolatzaileek.
Gernika-Lumon sortutako Nebbian folk bikotea izango da Arratzuko ilunabarrak girotuko dituen lehenengoa, eta Valentina Ridolfiren ahotsa eta Haritz Laboaren gitarraren doinuak entzun ahalko dira bihar.
Kultura ardatz hartuta, formatu ezberdinak landu gura dituzte: musika, jolasak eta zinema. Hala, hurrengo eguenean –uztailak 18– jolasek hartuko dute folk bikotearen lekukoa; helduen eta gaztetxoen arteko talde lana sustatuko dituzten jolasak izango dira protagonistak. “Jolasak ez dira irabaztean edo galtzean oinarrituko, talde lana sustatuko dute. Gainera, publiko guztiari zuzendutako jolasak eta ur-jokoak egingo ditugu”, zehaztu dute arduradunek. Azken saioan, LGTBIQ+ gaia lantzen duen ikus-entzunezko film bat proiektatuko dute, baina proiekzioa zein izango den oraindik ez dute zehaztu; azken saio hori uztailaren 24an izango da, eguena jai eguna delako.
Herritik herritarrentzako. Herriko gazte eta gurasoak ekainean hasi ziren uztaileko kultur zikloa prestatzen, “umeei zuzendutako ekintzak ez ezik, helduentzako eskaintza kultural bat emateko asmoz”. Hala adin guztietako herritarrei zuzendutako zikloa jarriko dute abian. “Astra Iluntzeak ekimena oinarri izan genuen, eta Arratzura formatu xumeagoan ekartzea pentsa eta hala egin dugu”, diote arduradunek.
Herritar guztiei zuzendutako zikloa dela diote, eta herriari bizitasuna emango diola uste dute: “Jaietan eta asteburuetan batzen da jendea, baina udan zerbait berezia prestatu gura genuen, eta saio hauek herriari bizitasuna emateko balioko dute”. Hala, gazte, nagusi zein haurren arteko hartu-emanak sustatu gura dituzte, eta dagoenerako harreman horiek bultzatzea lortu dutela diote, herriko nagusiek ere parte hartzeko gogoa dutela esan dietelako: “Elur bola oso txikia zen hasieran, lauzpabost hasi ginen, baina azken asteetan herritarren hainbat ekarpen eta laguntza jaso ditugu”.
Arratzuko ilunabarrak zikloan, herriko produktuez egindako pintxoak salduko dituzte, eta horretarako hainbat baserrietako ateak jo dituztela aitortu dute. Hala, herritarrak aktibatu dituzte: “Eguaztenetan sukaldatuko duen herritar talde bat ere sortu da”.
Ilusioz beteta eta ikusminez daude antolatzaileak, ilunabarrak zelan joango diren ez dakitelako. Hala ere, pozik daude lortutakoagaz: “Inguruko jendea aktibatzea lortu dugu, eta pozik gaude”. Adin ezberdinetako jendea batu gura dute bihar, “momentu onak bizitzeko eta iluntze polita batera ikusteko.