Eskualdeko trenbide sarea hobetzeko lanak egingo dituzte
Euskal Trenbide Sareak Zornotza eta Bermeo arteko trenbide sarean hobekuntza lanak egingo ditu, eta horiek burutzeko 3,8 milioi euroko aurrekontua aurreikusi dute; Gernika-Lumoko geltokiaren teilatua berritzeko milioi bateko aurrekontua zehaztu dute.
Zornotza eta Bermeo arteko trenbide sarean hobekuntza lanak egingo ditu Eusko Jaurlaritzaren Euskal Trenbide Sareak. 3,5 milioi euro inguru inbertituko ditu hobekuntza lanak burutzen, eta diru sail nagusiak Gernika-Lumoko geltokiaren teilatua zaharberritzeko eta Zornotzako geralekuaren goitik behera berriztatzeko izango dira; lan bakoitzarentzako milioi bateko aurrekontua zehaztu dute.
Gernika-Lumoko geltokian hezetasunak kentzeko konponketa lanak burutuko dituzte, eta hezetasunak kaltetutako eraikinaren aurrealdea ere hobetuko dute. Horretarako, lehenengo solairuan dauden barne zerbitzuak beste eraikin batera eramango dituzte. Lanok burutzeko urtebete inguru behar izango dutela aurreikusi dute Trenbide Sareko arduradunek, baina lanek ez dietela erabiltzaileei eragingo adierazi dute: “Lanek ez diote beheko solairuari eragingo, beraz erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak bere horretan jarraituko du, eta nasetarako sarbideak ere erabilgarri egongo dira”.
Lurgorriko eta Institutuko geralekuak ere hobetuko dituzte, eta bi geraleku horietan egin beharreko lanak 400.000 euroko aurrekontua izango dutela adierazi dute –bakoitzak 200.000 eurokoa–. Lanok burutzeko, bi hilabete baino gehiago behar izango dute. Izan ere, irisgarritasuna hobetu asmoz, nasetarako arrapalak egokituko dituzte, harlauzak ordezkatu eta nasa handituko dute. Halaber, markesinak ere berrituko dituzte, eta argi eta seinaile berriak jarriko dituztela adierazi dute.
Zornotzako geralekua, bestalde, goitik behera berrituko dutela aurreratu dute Trenbide Sarekoek: “Egungo markesina eta jendeari informazioa emateko etxola eraitsi egingo dira, eta horien ordez, metalezko eta beirazko elementuz osatutako diseinuzko berriak jarriko dira”. Bertan dagoen zubia eta oinezkoentzako sarbidea ere handituko dituzte, eta jarduna bukatzeko, zarataren kontrako hesia eraikiko dute Garitondo errekaren eta trenbidearen artean. Lan horiek egiteko epea hamalau hilabetekoa izango da.
Metroara lotura zuzena. Lan horiez gain, Busturiko Axpeko eta San Kristobaleko, eta Itxasbegiko geltokietan irisgarritasuna hobetuko dute, bai eta Muxikan dagoen Zugastietako geltokian ere. Berriztatze lan horien xedea geltokien irudi bateratua sortzea da, datorren irailetik aurrera Bermeora heltzen diren trenak Bilboko metroaren 3. lineara zuzenean sar daitezen; hala, Atxurira joatea saihestuko dute.
Itxasbegiko geltokia berriztatzeko obrek lau hilabete iraungo dute, eta lanok burutzeko 350.000 euroko aurrekontua aurreikusi dute arduradunek. Busturiko Axpeko geltokian, besteren artean, kristalezko kubikulua eraikiko dute hiru hilabeteko epean, eta 380.000 euroko aurrekontua erabiliko dute horretarako. San Kristobaleko geralekuan egingo dituzten lanek ere 160.000 euroko aurrekontu aurreikuspena dute, eta hilabete baino zerbait gehiago beharko dituzte lanak amaitzeko.
Zugastietako geltokiko nasak ere hobetuko dituzte, izan ere, horiek handitu eta zoladura aldatuko dute bertan. Gainera, sarbideko arrapalak eta argiztapena hobetuko dituzte. Lan horiek burutzeko aurrekontua 216.000 eurokoa izango da.