Andra Mari eta San Roke jaiek badute irudia
Oihane Abeteren Gernikako Jaiak 2019 izeneko kartelak iragarriko ditu Gernikako jai nagusiak. Lan desberdina eta dinamikoa dela nabarmendu dute jai batzordeko kideek.
Urtero legez, abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaiak, eta horiek iragartzeko kartel lehiaketa jarri zuen martxan udalak. Aurten, herritarrek zein elkarteek egindako hamar lan aurkeztu dituzte guztira, eta horien artean, epaimahaikideek, Oihane Abeteren Gernikako Jaiak 2019 izeneko lana hautatu dute kartel irabazletzat.
Hala, kortezubitarraren kartela izango da aurtengo jai nagusiak iragarriko dituena. Animazio digitaleko ikaslea denak, lehenengoz aurkeztu du bere lana Gernika-Lumoko jaietako lehiaketara, eta irabaztea ez zuela “inondik-inora” espero aitortu du: “Lehenengoz saiatu naiz, eta irabaztea lortu dut, baina ez nuen irabaztea espero”.
Gernika eta gernikarrak kalejiran aurkeztu gura zituen artistak, eta horregatik txupinaren eta pregoiaren osteko jaitsiera islatzea erabaki zuen. “Jaietako momentu politena izaten da, mugimendu askokoa, eta lana ere hori erakutsi gura nuen. Hala, herritarrak mugimenduan ageri dira”, aitortu du Abetek.
Digitalean egindako lan dinmiko bezain koloretsua da irabazlea, klasikotasunetik ateratzen dena. Hori horrela, jai batzordeko kideen hitzetan, hasieratik asko gustatu zitzaienak irabazi du: “Kalitate eta teknika aldetik deigarriena izan den kartela hautatu dugu. Erabaki nahiko erraza izan zen”.
Aukera “desberdinena”. Aukera guztien artean desberdinena denak irabazi du Cristina Arana Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariaren hitzetan: “Desberdinena da, oso dinamikoa. Kalejiran ageri dira herritarrak, eta irudi hori bada jaien islada”. Lanaren garrantzitsuena duen «bizitasuna» dela dio, eta irudiak kartelaren tarte guztiak betetzen dituela azpimarratu du.
Kolore aldetik ere bereziena dela deritzo zuzendariak: “Kartel lehiaketetan aurkezten dituzten ohiko koloreak berdea, gorria eta zuria izaten dira, eta Abetek ez ditu horiek erabili. Ukitu moreak eman dizkio lanari”.
Sari legez, 500 euroko saria jasoko du Abetek.