Madalen Eguna udalbatzagaz batera ospatzeko lekuak zozkatuko ditu Bermeoko Udalak
Izen ematea uztailaren 16ra arte egongo da zabalik. Uztailaren 18an iragarriko dituzte irabazleak.
Bermeoko Udalak Madalen Egunean, uztailaren 22an, herritarren artean herriko udalbatzagaz batera itsasontzian Izarora joateko eta horiekin batera Madalen jaia ospatzeko hainbat leku zozkatuko ditu.
Zozketan parte hartu nahi dutenek uztailaren 16a baino lehen izena eman beharko dute Berhaz bulegoan, 08:30etik 14:30era bitartean. Zozketan Bermeon erroldatuta dauden eta 18 urtetik gora dituzten herritarrek soilik parte hartu ahal dute.
Izena ematerakoan, banaka edo bikoteka egin daitekeela adierazi du udalak. Gainera, aurreko urteetan zozketa irabazi eta ontzian joan direnek ezin dute parte hartu.
Zozketa egindakoan, irabazleen izenak Internet bidez jakinaraziko dituzte uztailaren 18an, Bermeoko Udalaren webgunean, Facebook-en eta Twitter-en.