KZGuneko zerbitzuen berri emango dute Morgan, eguenean
16:00etatik 17:45era bisita egingo dute.
KZGuneak udalerrian eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko helburuagaz, informazio kanpaina prestatu dute Morgan, eta zerbitzuen erabilerari buruzko informazio saioa egingo dute eguenean (uztailak 11), 16:00etatik 17:45era.
Besteak beste, teknologia berri eta informatika arloko ikastaro eskaintza zabalari buruzko azalpenak emango dituzte. “Ikastaroak doakoak dira, eta oraindik orain baden eten digitala gainditzea da helburua”, azaldu dute arduradunek. B@KQ txartelean izena emateko izapidea ere kudeatzen dute, eta zentroan bertan eskatu dezakete herritarrek: “B@KQ txartela identifikazio elektronikoko bitarteko berria da, eta administrazioekin telematikoki aritzea ahalbidetzen du: diru laguntzak eskatzeko, medikuarekin hitzordua eskatzeko…”. Bestalde, smartphonen funtzionamenduari buruzko zalantzak ere argitzen dituztela gogora ekarri dute.