Imanol Goñik eta Amagoia Legarrak irabazi dute Txipiroi mendi trail lasterketa
Paul Ormaetxeak eta Aritz Martinek osatu dute gizonezkoen podiuma eta Ohiane Perezek eta Amaiur Iglesiasek emakumezkoetan. Julen Zubero izan da BTTko azkarrena.
Mendi txirrindulari eta korrikalariek hitzordu berezia izaten dute urtero, uztaila hasieran, Ean. Herrira jende andana hurbiltzen da Txipiroi BTT eta trail probetan parte hartzera, eta aurten ere hala gertatu da. Zapatuan [uztailaren 6a] 250 kirolari batu ziren goiz goizetik Ean pedalei eragiteko eta lasterka egiteko asmoz.
Zapatuan 250 kirolari batu ziren goiz goizetik Ean pedalei eragiteko eta lasterka egiteko asmoz. Txipiroi Mendi Trail lasterketan, Imanol Goñi Aranburu eta Amagoia Legarra Garcia izan ziren garaileak eta Julen Zubero izan zen BTTko azkarrena.
Urdaibai Koparen hirugarren lasterketa izan dena ordubete, 44 minutu eta hamzortzi minututan burutu zuen Goñi etxeko korrikalariak. Hiru minutu gehiago behar izan zituen Paul Ormaetxea Bilbaok, eta Aritz Martin Olabarriaga sailkatu zen hirugarren ( (1:48,02).
Urdaibai Kopako bigarren sailkatuak ez zuen proban parte hartu, beraz aldaketak espero dira sailkapen orokorrean, “nahiz eta oraindik ez dauden eguneratuta”. 125 parte hartzailetik 103k baino ez zuten lasterketa bukatu: “10 bat ez ziren aurkeztu, eta gainerakoak erretiratu egin ziren, beroaren ondorioz, asko”.
Emakumezkoetan Amagoia Legarra Garciak ezarri zuen denborarik onena: bi ordu, lau minutu eta 22 segundo. Tarte handia atera zion Ohiane Perez Reguera bigarrenari (2:10,05). Amaiur Iglesias Insausti iritsi zen (2:16,06) hirugarren.
Bestalde, aurten ere, “ia urtero bezala”, Julen Zubero BTT txirrindulari profesionala izan da helmugaratzen lehena, naiz eta proba ez den lehiakorra.
09:15ean hasi zuten BTTkoek proba, eta hiru ibilbide izan zituzten aukeran: 17, 32 eta 42 kilometro. Istripu larririk gertatu ez bazen ere, parte hartzaile bat erori egin zen, eta lepauztaian kolpea jaso zuen: “Normala da era honetako gertaerak jasotzea, izan ere ibilbideak basoetatik igarotzen dira eta gorputzean urradurak egiten dituzte askok. Arazo mekanikoak ere izan dituzte txirrindulari batzuek”.
Mendi trail lasterketari dagokionez, 10:45ean ekin zioten parte hartzaileek korrika egiteari, eta 21 kilometroko ibilbideari egin zioten aurre. Herrian 6 kilometroko bira txiki bat eman ostean, Lekeitiorako bidea hartu zuten, berriz ere Eara itzuli aurretik. Eguraldia lagun izan bazuten ere, antolatzaileek eguerdian egin zuen beroa azpimarratu dute, nahiz eta arratsalderako zerua lainotu egin zen: “Goizean bero handia egin zuen eta, batez ere, mendi trail lasterketako parte hartzaileek sufritu zuten, izan ere, txirrindulariek baino beranduxeago ekin zioten probari eta eguzkiak bete-betean berotzen zuen”.
Lehen itzulian 6-7 korrikalaritako taldetxoak sortu ziren, baina 13. kilometrotik aurrera ibilbidea gogortzen hasi eta “izugarrizko beroaren eraginez” banan banan bukatu zuten lasterketa, ”izerditan blai”.
Txipiroi Txiki. Nagusien lasterketak bukatuta, arratsaldean, gaztetxoen txanda iritsi zen. Bizikleta gainean herriari buelta eman zioten lehenik, eta pista berezi batean sartu ziren gero. Antolatzaileek “lasterketa” ez zela gogorarazi bazieten ere, “lehiakortasunez” aritu zirela aipatu dute. Orotara, 40 umek parte hartu zuten Txipiroi Txikin, eta probaren ostean jolasak ere izan zituzten frontoian. Gauean, aldiz, Ray Fernandez musikari kubatarrak kontzertua eman zuen, Eskolondo arkupean.
Txipiroi BTT eta trail proben antolatzaileek “parte hartzaileen artean sortu zen giro paregabea” azpimarratu dute, eta herritarren laguntza ere eskertu dute: “beraiei esker atera ahal izan dugu, aurten ere, proba aurrera. Orokorrean, balorazioa positiboa da”.