Badator zestalari onenen Grand Slama
Gernika-Lumoko Jai Alai frontoiak munduko pilotari onenak hartuko ditu uztailaren 13tik abuztuaren 10era bitartean. Hurrengo bost asteburuetan Gernika Jai Alai Grand Slama lehiatuko dute sei bikotek.
Zesta puntaren katedrala betetzeko prest dago dagoenerako. Badator Gernika Jai Alai Grand Slama, eta abuztuaren 10era bitartean, astebururo, munduko pilotari onenen partiduak ikusi ahalko dituzte zestazaleek Gernika-Lumon. Barandika, Beaskoetxea, Lekerika, Aldazabal, Hormaetxea, Goikoetxea, Mendizabal, Etxeto, Ekhi, Lopez, Inza eta Egiguren dira frontoian dena ematera aterako diren pilotari handi eta ezagunen izenak.
Aldaketekin datorren txapelketa jokatuko dute; izan ere, aurten lehenengoz, ligaxka sistema oinarri hartuta lehiatuko dute aipatu Grand Slama –orain arte, kanporaketa sistema jarraituz jokatzen zuten–. Hala, hamabi pilotariak hiru bikoteko bi multzotan banatu dituzte. Iazko beste funtzio egongo dira, bost, baina aurrez aurreko partidu gehiago: Lehenengo hiru saioetan ligaxka jokatuko dute, eta abuztuaren 3an finalaurreko biak lehiatuko dituzte bi multzoetako lau bikote onenek. Abuztuaren 10ean izango da, azkenik, final handia.
Diego Beaskoetxea: “Gure lana eginez gero, aurrera egingo dugu, baina egun txarra edukita, badakigu kanpoan geratuko garela”
Ligaxka sistema oinarri hartuta, saio bakoitzean punta-puntako bi partidugaz gozatzeko aukera edukiko dute ikusleek. Hala, formatu berriagaz, ikusgarritasuna eta kalitatea bilatu gura izan dute antolatzaileek: “Bi bikote gutxiago edukita kalitate eta joko mailan igo egingo da txapelketa. Beti saiatzen gara gero eta txapelketa hobeagoa egiten, eta aurten ligaxka aukera ederra zela pentsatu genuen. Izan ere, jokalari onenak edukitzea da gure asmo nagusia”. Halaber, ligaxka ereduan jokatuko dutenez, lehenengo partidua galtzen duen bikoteak txapelketan jarraitzeko beste aukera bat edukiko du: “Lehenengo partiduan kanporatzea apurbat traumatikoa izaten dela uste dugu, eta orain, beste aukera bat izango dute bikoteek”. Horrek, pilotariei eureri ere motibazio handiagoa ematen diela uste dute, “lehengo partidua bi tantogatik galdu arren ez direlako kanpoan geratuko”.
Formatua eta sei aurrelari eta sei atzelariak hautatuta, bikoteak sortu dituzte gaur eguerdian Jai Alai frontoian egin duten jendaurreko zozketan. Lekerikak eta Osak iaz lortutako txapela defendatuko dutenez, beste bost bikoteak zehaztu dituzte hain zuzen. Hala, antolatzaileen berbetan, “oso borrokatuta” egongo den txapelketa eratu dute: “Pilotari onenak batu ditugu, eta lehia gogorra egongo da”. Honakoak dira bi multzoetako bikoteak: A multzoan, Mendizabal-Etxeto, Hormaetxea-Aldazabal eta Goikoetxea-Lekerika daude; B multzoan, berriz, Barandika-Ekhi, Beaskoetxea-Lopez eta Egiguren-Inza arituko dira.
Bikote parekatuak. Etxeko pilotarien maila oso azpimarragarria da, eta etxeko txapela eskuratzeko borrokatuko dira. Unai Lekerikabeaskoa pilotari gernikarrak laugarren urtez parte hartuko du Gernikako Grand Slamean, eta iaz Goikoetxeagaz eskuratutako titulua defendatzea da bere asmo nagusia. “Oso ondo jokatu genuen iaz eta frontoian elkar oso ondo ulertu ginen. Aurten ere, berdina egitea da helburu nagusia”, aitortu du Lekerikak. Hala ere, badaki ez dela erraza izango, eta kantxara “topera” aterako direla dio: “Aurkari gogorrak ditugu hasieratik. Hormaetxea-Aldazabal eta Erik-Etxeto. Erik Daniako frontoian bikain aritu da urte osoan. Onena izan da, ia txapelketa guztiak irabazi ditu-eta. Lan gogorra egin beharko dugu irabazteko”.
Xabier Barandikak Ekhi Martinez gasteiztarragaz baetera jokatuko du, orain dela bi urte egin legez. “Ez da batera jokatuko dugun lehen aldia, ondo ulertzen gara. Gazteak gara, eta topera aterako gara”. Talde gogorra tokatu zaiola uste du,eta irabazteko izerdi asko bota beharko dutela dio. Oso gustuko duen frontoia da Gernikakoa: “Kristoren giroa egoten da, jende asko hurbiltzen da. Frontoiak berak, bertan jokatzeko gogoak ematen ditu”. Aurten ere, Beaskoetxea lehengusuaren aurka jokatu beharko du hasieratik. B multzoan egokitu zaie, eta familiakoen aurrean bere aurka jokatzea”polita” izango dela uste du.
Izen handiko txapelketetan izen handiko bikoteak sortzen dira. Diego Beaskoetxeak gernikarrak Imanol Lopezegaz jokatuko du etxean, eta bikote gogorra dela uste dute Lekerikak eta Barandikak, txapelketako faboritoak. “Beteranoak dira, urte asko daramatzate onen artean, eta txapelketa asko irabazi dituzte. Elkarrekin torneo asko jokatu dituzte eta ondo ezagutzen dira, baina gu ere, faborito ikusten gara”, aitortu du Lekerikak. Beaskoetxea, baina, zuhurragoa da, eta Goiko-Lekerika eta euren bikoteak izen handikoak direla esanda, partidu guztiak gogorrak izango direla dio. “Gure lana eginez gero, aurrera egingo dugu, baina egun txarra edukita, badakigu kanpoan geratuko garela. Ligaxka eredua jarraituz beste aukera batzuk izango ditugu, baina lehenengoa galduz gero, bigarren partidura ez gara ondo joango”.
Lekerika: “Oso ondo jokatu genuen iaz eta frontoian elkar oso ondo ulertu ginen. Aurten ere, berdina egitea da helburu nagusia”
Alex Hormaetxea bermeotarrak Ibon Aldazabal berrituarragaz jokatuko du Grand Slama. Laugarren urtez jarraian izango dira bikote Gernika-Lumon. Hala, ondo dakite zelan jokatu behar duten: “Oso ondo konpontzen gara, eta hori nabaritu egiten da jokatzerakoan. Ahal duguna egingo dugu, eta gure aukerak izango ditugula uste dut. Dena emango dugu”. Txapelketan maila handia dagoela dio: “Bategaz zein besteagaz jokatu eta batzuen zein besteen kontra jokatzerakoan dena eman beharko genuela bagenekien, maila handia dago”.
Zapatuko hitzordua. Asteburu honetan dute lehenengo hitzordua, eta Lekerika eta Osa iazko txapeldunek zabalduko dute txapelketa; Hormazabal eta Aldazabalen aurka jokatuko dute. Aldazabalen berbetan, Goikoetxea eta Lekerika dira faboritoak, “eurak direlako iazko txapeldunak”. Frontoia, baina, gustuko du, eta gogotsu dago txapelketa hasteko. “Aurrera eta atzera asko mugitu beharko gara, baina gustatzen zait frontoia. Partidu onak zein txarrak egin ditut bertan, baina gehiago hobeak direnak”, dio Aldazabalek.
Zapatuko bigarren partiduan, elkarren aurka nor baino nor gehiago ariko dira Beaskoetxea eta Barandika lehengusu gernikarrak. “Partidu gogorrak izaten dira Xabiren aurkakoak. Sentsazioak bereziak izaten dira bere aurka jokatzerakoan, nik berak irabaztea gura dudalako, eta alderantziz. Beti aurrez aurre aritzea tokatzen zaigu, eta horrela egin beharko dugu”. Hala ere, txapelketa Barandikak edo berak eramatea nahi du.
Sarrerak sarean. Aurtengo txapelketarako sarrerak zein txartelak sarean eskuratu ahal dituzte dagoenerakoz zestazaleek. Ligaxka zein finalaurreko eta finalerako sarrerak daude eskuragarri, eta antolatzaileek sarrerak aurretiaz eskuratzeko gomendioa eman dute: “Gomendagarria da ahalik eta arinen sarrerak erostea, finalean frontoia bete egiten da-eta. Zestazaleentzat eta gernikarrentzat galdu ezin den eguna bihurtu da”. Aurten, gainera, finalaurrekoetan ere betetzea espero dute, “funtzio potentea” izango baita; egun berean bi finalaurrekoak jokatuko dituzte.
- Goikoetxea-Lekerika vs Erik Mendizabal-Etcheto
- Beaskoetxea-Lopez vs Barandika-Ekhi
Uztailak 20:
- Erik Mendizabal-Etcheto vs Hormaetxea-Aldazabal
- Egiguren-Inza vs Barandika-Ekhi
Uztailak 27:
- Goikoetxea-Lekerika vs Hormaetxea-Aldazabal
- Beaskoetxea-Lopez vs Egiguren-Inza
Abuztuak 3:
- Finalaurrekoak.
Abuztuak 10:
- Finala.