8.200 euskal herritarretik gorak bat egin dute 11/13 auziko manifestuagaz
Atxikimenduak jasotzen segitzen dute 11/13 Auzipetuek eta Euskal Herriko gehiengo sindikal eta politikoagaz biltzen ari dira "pairatzen duten egoera larriaren berri eman eta konponbiderako gogoera partekatuak ahalbidetzeko".
Irailaren 16an euren kontra hasiko duten epaiketa dela-eta, 11/13 makroepaiketan auzipetutako 47 euskal herritarrek atxikimenduak jasotzen jarraitzen dute. Dagoeneko 8.200 pertsonatik gorak sinatu dute epaikaren kontra eta konponbidearen alde Jon Maiak idatzitako manifestua eta Euskal Herriko hainbat arlotako profesionalekin batzartzen ari dira. Elkartasun olatuak indarra ematen dietela nabarmendu dute, eta jendarteko eremu guztietatik jasotako babesa eskertu dute.
Gehiengo politiko eta sindikala osatzen duten alderdi eta eragileekin egotea da euren helburua; bilera batzuk egin dituzte eta aurrerantzean ere beste hainbat batzar egingo dituzte. Harreman dinamika hau nazioartera eramateko aukerak ere aztertzen ari direla aurreratu dute: “Gure nahia pairatzen dugun egoera larriaren berri eman eta konponbiderako gogoeta partekatuak ahalbidetzea da. Zeintzuen bitartez, bakea, elkarbizitza eta etorkizun hobe bat sustatzeko borondate irmoarekin urratsak emateko prest gaude”.
Bestalde, auzipetuen jatorrizko auzo eta herrietan lantaldeak, asanblada informatiboak eta bestelako ekimenak burutzern ari dira. 2.000 lagun inguruk parte hartu dute orain arte egindakoetan, eta udarako beste zenbait iniziatiba egitea aurreikusi dute. Irailaren 6,7, eta 8an, euren jatorrizko herri eta auzoetan hainbat ekimen eta mobilizazioa egingo dituztela jakinarazi dute, gainera.
Gaur goizean Bilbon egin duten agerraldian irailaren 14an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute beste behin. “11/13 makroepaiketa salatu, giza eskubideak babestu eta etorkizun hobe bat eraikitzeko asmoz, sentsibilitate ezberdinetako herritarrak irailaren 14an Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu”. Halaber, gogora ekarri dute atxikimenduak eta ekarpen ekonomikoak jasotzen jarraituko dutela.