Afizioa ofizio bihurtuz, istorioak pasioz sortuz
Ingeniaritza ikasketak alboratu eta DigiPen Institute Of Technology Unibertsitatean sartu ziren Julen eta Xabi Urrutia bikiak. Nazioarteko enpresentzat lan egiten dute, eta euskal mitologiari buruzko bideo-joko bat sortzea dute helburu.
Artistak artista jaiotzen direla esan ohi da, berezkoak dituzten ezaugarriei etekina ateratzen asmatzen maisuak direla. Adibide esanguratsu asko aurki daitezke historia, eta Gernika-Lumon, herri txikia izanagatik ere, bada halakorik.
Txikitatik margotzeko eta irudi bidezko istorioak sortzeko talentua erakutsi duten bikiak dira Julen eta Xabi Urrutia. Ingeniaritza ikasketak lehen hiru hilabeteetan alboratu eta benetan asebetetzen zuten afizioa ofizio bilakatzera ausartu zirenak: “Etxeko lanak azkar egiten genituen, gure marrazkiak egin ahal izateko denbora edukitzeko”, dio lehenak; “ez genuen telebistarik ikusten, gelan sartuta ematen genituen arratsaldeak, komikiak sortzen”, bigarrenak.
Eta horretarako aukera bideo-joko eta animazioaren industrian erreferentzia den DigiPen Institute Of Technology Unibertsitateak eman zien 2010eko irailean. Hasiera batean, Zierbenan Europako campus gisa funtzionatuko zuen fakultatea irekiko zutela zioten zurrumurruak entzuten ziren garai hartan, baina Espainiar estatuko krisi ekonomikoa zela eta, ez zegoen erabateko ziurtasunik.
Ingeniaritza ikasketak utzi izanaren presiopean egokiena zuzenean DigiPen Unibertsitateagaz harremanetan jartzea zela erabaki zuen Julenek, eta erantzunean jasotako gomendioari jarraituta, AEBetara joatera ausartu zen anaiagaz, ikasketen lehen urtea bertan egitera. Gurasoek nola hartuko zuten beldur baziren ere, “amagaz hitz egin eta berak konbentzitu gintuen AEBetara joateko”.
Ikasturtea bukatuta, Euskal Herria bueltatu eta Espainiako estatuko beste hamalau ikaslerekin batera DigiPen Unibertsitateko Europako campuseko lehen promozioa izatea lortu zuten: “Arduradunek esan ziguten guk nahi izanez gero fakultatea ireki egingo zutela. Gure esku utzi zuten erabakia”.
Lehen lorpenak. Bideo-joko baten sorkuntzan beharrezkoak diren bi adarretan espezializatzeko aukera eskaintzen du DigiPenek: Arte Ederrak Arte Digitalean eta Animazioan, batetik; Informatikako Ingeniaritza denbora errealeko Simulazio Interaktiboan, bestetik.
“Amarekin hiz egin eta berak konbentzitu gintuen AEBetara joateko”
Urrutia bikiek lehenengoa aukeratu zuten, hala, lau urtean, eskuz margotu eta istorioak sortzetik 2D eta 3D teknika digitalak erabiltzera igaro ziren. Aurretik ere eginda zeuzkaten probak, nahiz eta ez zuten “inongo asmo profesionalik”. Prozesu digitalak dituen abantaila eta erosotasunak agerikoak direla aipatu arren, Xabik argi dio: “Digitalari beti falta izango zaio eskuz margotzeak duen xarma hori. Arkatzak eta bolalumak arima berezia dute, zalantza barik”.
Ordenagailua bilakatu da urrutiatarren lantresna, eta oso gaztetatik hasi dira, gainera, industrian nabarmentzen. Mundu mailako joko arrakastatsuenetan lan egin duten profesional asko DigiPenetik irten dira, baina inork ez du Xabik izan duen aitortza lortu. Orain dela 25 urte sortu zuten unibertsitatea, baina gernikarrak unibertsitateko hirugarren mailan egindako animaziozko film labur bat aitzindaria izan da: “AEBetako jaialdietan parte hartu ostean, Johnson Cityn (Tennessee) ikasleen film onenaren saria lortu nuen. Arte Ederren adarrean, film onenaren saria lortu duen lan bakarra izan da gure unibertsitatean”.
Ikasketak bukatuta, ikaskide gehienekin batera Iruñera lanera joan ziren, baina handinahiak bultzatuta, erronka berrien bila hasi ziren bi anaiak. Proiektu pertsonaletan murgildu eta bat-batean Eskoziako Axis Animatuon zinematika enpresaren deia jaso zuen Julenek.
“Arte Ederretan film onenaren saria lortu duen bakarra izan da nire lana”
Bere sorkuntzak sare sozialetan eta Interneten zintzilikatuta ikusi eta harritu egin omen ziren, eta horregatik erabaki zuten beragaz harremanetan jartzea. “Oraindik ere ez dugu CV bat bera ere inora bidali. Internet da gure lanen erakusleihoa, oso garrantzitsua da sarean presente egotea”, azaldu du Julenek.
Mundu zabalean barrena. Portugalen antolatzen dituzten Trojan Horse Was a Unicorn jardunaldietara bertaratu eta aurrez aurre hitz egin zuen Julenek Axis Animation enpresako arduradunekin. Berehala sinatu zuen kontratua, eta Eskoziara joan zen lan egitera. Hilabete gutxiren buruan, anaia ere han zen.
Bien zeregina bi edo hiru minututako animaziozko film laburrak egitea izan da ordutik, «bideo-jokoen aurkezpen bideoetarako pertsonaiak, nolabait esatearren». Hala, proiektuz proiektu kontratuak berritzen igaro dituzte azken bi urteak, eta tartean AEBetako Blur Studio enpresarentzat ere aritu dira Netflix etxeko ekoizpen Happy! (2017) eta Love, Death & Robots (2019) telesailetan.
Aurten baina, atzerria utzi eta etxera bueltatu dira Urrutia anaiak. Eskoziako enpresarentzat lanean jarraitzen dute, baina bulegoan egon barik. “Askeago eta erosoago egiten dut lan etxetik, presio gutxiagogaz. Baina gustatuko litzaidake noizbait berriz ere lantaldean aritzea”, dio Julenek. Aspertzen denean Xabiri deitu eta mugikorreko bozgorailua aktibatuta arratsalde guztia hitz egiten igarotzen duela azaldu du.
Anaiak ere faltan botatzen du Eskoziako giroa: “Bulegoan jende gehiagogaz zaude, eta beraien lana zuzenean ikusten duzu, zalantzarik izanez gero zuzenean galdetu diezaiekezu”.
Proiektu pertsonalak. Biek ala biek proiektu pertsonal asko dituzte buruan, beraien kabuz burutu nahi dituztenak. Guztien artean, baina, bati eskaintzen diote denbora gehien. “Euskal mitologiaren inguruko bideo-joko bat gaude prestatzen, gaur egun istorioak kontatzeko moduetara egokituta dagoena”, argitu du Julenek. Jokoek duten hezkuntza gaitasuna aldarrikatuz jakintza eta entretenimendua batzea dute helburu.
“Ahoz aho transmititu da euskal mitologia, baina gaur egun galtzen dago ohitura hori. Gaiaz irakurtzeko interes askorik ere ez dago”, dio arduratuta Xabik. Hala, “euskal mitologiaren entziklopedia” sortu nahi dute.
Adibidez, Assassin’s Creed bideo-jokoari esker hasi zen Julen greziar mitologiaz interesatzen, izan ere, bertan toki eta eraikuntza historikoak erakusten dituzte, fitxa tekniko eta informazioagaz. “Aita irakaslea da, eta berari erakutsi genionean esan zigun ahalko balu ikasleekin erabiliko lukeela, besteak beste, Notre Dame katedrala gazteei erakusteko”.
Bestalde, tradizionalki bideo-jokoena gizonezkoen industria izan dela salatu dute, bai kontsumo aldetik zein sorkuntza aldetik. Arazoa diseinuetan dagoela dio Julenek: “Neskak ez dira enpatizatuta sentitzen, objektibizatuta agertzen direlako. Horregatik garrantzitsua da sorkuntza prozesuan emakumeen presentzia haztea, denontzat izango da onuragarria”.