San Pedro jaietan murgilduta jarraitzen dute mundakarrek
Tortilla txapelketa lehiatu zuten atzo, Txilipitxeruek Kultur Elkarteak antolatuta. Ez hori bakarrik, Katillotxu Emakume Elkarteko Dantza eta Gorputz Adierazpen taldeko ikasleek prestatutako ikuskizuna eskaini zuten.
Mundakako herritarrek joan den astean hasi zituzten udalerriko jaiak, baina ia astebete igarota indarrik galdu barik festa giroan jarraitzen dute, egunero zer edo zer egin badute-eta. Atzo arratsaldean, esaterako, Txilipitxeruek Kultur Elkarteak Tortilla Txapelketa antolatu zuen.
Lainotuta zegoen arren, gazte zein nagusiak txosna gunean elkartu ziren tortillak prestatzeko beharrezkoak diren tresna eta elikagaiekin. Giro ederrean eta musikak alaituta, gogor ekin zioten txapelketari. Tortillak prestatzen amaitu bezain laster, guito txapelketari hasiera eman zioten, festak une bakar batez gelditzeari uko eginez.
Beste giro bat nahi zutenek ere beraientzako lekua izan zuten. Isla Kale polikiroldegian Katillotxu Emakume Elkarteko Dantza eta Gorputz Adierazpen taldeko ikasleek Lapse izeneko ikuskizun berezia eskaini zuten. Leixuri Urrutia irakasleak prestatutako koreografia dantzatu zuten Suhar Prest zirko taldeko Izaskun Agirresaroberen eta Mari Mar Agirreren, Oscar Gutierrezen eta Aintzane Aranguenaren laguntzagaz.
Kukaña eta Play Back. Domekara arte jai giroan jarraituko dute Mundakakoek. Gaur arratsaldean, eguraldi onak lagundua itsas jaiaz gozatuko dute: kukañan parte hartzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek. 20:00etan Play Back lehiaketagaz hasiko dira: lehenengo umeen txanda izango da, eta horien ostean nagusienek beraien trebetasuna agerian jartzeko aukera izango dute.