Euskaraldiak ariketa kolektiboa egiteko aukera dakar 2020rako
2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da bigarren Euskaraldia. Ahobizi eta belarriprest rolak indartu eta kontzeptu berria sartuko da: ‘Arigunea’.
2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4raegingo da bigarren Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen egitasmoa. Datorren urtean, beraz, ariketa 15 egunezegingo da, eta ez 11 egunez. Aurrekoaren ildotik, ahobizi eta belarriprest rolak izango ditu ardatz, baina bada berritasun bat: arigune kontzeptua, ariketa taldean egiteko modua. Ariguneak euskaraz eroso jarduteko espazioak dira. Entitateen barruan egon litezke –langile taldeetan, esaterako–, edo kanpoan –herritarrei begirako zerbitzuetan–. Beraz, herritar norbanakoek ez ezik, entitateek ere edukiko dute lekua bigarren Euskaraldian.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute Euskaraldia, eta bidelagun dituzte erakundeak eta euskalgintzako eragileak. Egitasmoaren aurkezpen ofiziala udazkenean egingo badute ere, oinarrizko proposamena prest daukate, eta herriz herriko euskaltzale taldeetan aurkezten ari dira. Izan ere, iaz modura, herri batzordeak izango dira 2020ko ariketa sozialaren oinarri.
Azaldu dutenez, bigarren Euskaraldia lehenengoaren jarraipena izango da, «baina elementu gehiago edukiko ditu». Egun gehiago irauteaz gain, egoera, leku eta harreman gehiagotan eraginnahi dela esan dute. «Iaz ahobizi eta belarriprest rolak hautatu zituzten parte hartzaileei bi lagunen arteko elkarrizketetan ohiturak aldatzeko gonbitea egin zitzaien». Oraingoan, baina, euskaraz aritzeko aukera ematen duten gune, egoera eta espazioak identifikatu eta bestelako elkarrizketa mota batzuetan ere ohiturak aldatzeko proposamena egingo diete ahobizi eta belarriprest guztiei. «Datorren urtean ariketa sakonagoa izatea nahi dugu. Roletan sakondu nahi dugu, eta horiei eusteko baliabide gehiago eskainiko ditugu».
Jende gehiago erakarri.Ariketari hedapen handiagoa eman nahi diote. «Aurrekoan bere burua Euskaraldian parte hartzeko moduan ikusi ez zuten herritarrak ere ahobizi edo belarriprest rolak betetzera animatu nahi ditugu. Datuek erakusten dute euskara ulertzen dutenak gehiago direla».
Lehenengo Euskaraldian txapak «ikur nabarmenenak» izan zirela azpimarratu dute. Hala, bigarrenean ere txapak bere horretan jarraituko dutela zehaztu dute.
Eragileak gehitzea ere bada beste helburuetako bat, bai eta ere eragile horien parte hartze praktikorako bideak gehitzea. «Datorren urtean era guztietako entitateek funtzio garrantzitsua edukiko dute: kideak parte hartzera bultzatzeaz gain, euskaraz aritzeko guneak sortu, bultzatu eta babesteko aukera edukiko dute».
Bi parte hartzaile mota egongo dira: herritarrak eta entitateak. Herritarren eremuan sartuko dira gutxienez euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako norbanakoak. Horiek ahobizi eta belarriprest modura parte hartuko dute.
Lehenengo Euskaraldian txapak «ikur nabarmenenak» izan zirela azpimarratu dute. Hala, bigarrenean ere txapak bere horretan jarraituko dutela zehaztu dute. «Txapak ariketa asko errazten duela adierazi dute partaideetako askok, eta oraindik ere asko dira erabiltzen dituztenak. Beraz, 2020an hamabost egunetan txapak erabiltzeko deiaegingo da berriro».
FASEAK:
- 1. Aurkezpena (2019ko ekaina-urria). Bigarren ariketa aurkeztu, pedagogia lana egin, aurreko Euskaraldiaren lorpenak eta hobetzekoak azaldu, herritarrak aktibatu…
- 2. Entitateek aritzeko guneak osatzeko duten garrantzia gizarteratu (2019ko urria-urtarrila). Entitateekin egin beharreko prozesua ezagutzera eman, aritzeko guneek duten garrantzia gizarteratu, aurreko urtean ahobizi eta belarriprest moduan parte hartu zuten herritarrak aktibatu (batzordeetan eta entitateetan)…
- 3. Ekimenerako prestatzen (2020ko urtarrila-iraila). Entitateen izen-ematea bultzatu, entitateen esperientzien trukea sustatu, batzordeak ariketarako prestatu…
- 4. Euskaraldia (2020ko iraila-abendua). Herritarren izen-ematea sustatu, dinamika orokorra gizarteratu eta herritarrak eta entitateak ariketarako prestatu.
- 5. Balorazioa (2020ko abendua-2021eko urtarrila). Balorazioa egin eta jarraikortasuna adierazi.