Eskola jantokien eredua sortzeko prozesu parte hartzailea eskatu du Gure platera gure aukera plataformak
Eskola jantoki eredu berri bat sortzeko prozesu parte hartzailea abiaraztea eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta alderdi guztietako politikariei. Eskola jantokiek duten balore pedagogikoa aldatzea eskatzen dute, elikadura inguru eta kulturarekin bat etortzea bultzatuz.
Gure platera gure aukera plataformak eskola jantoki eredu berri bat sortzeko prozesu parte hartzailea abiaraztea eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta alderdi guztietako politikariei.
2003. urtetik 2015. urtera bitartean eskola jantokietan burututako kudeaketa “oso txarra” izan zela diote, eta horrek administrazio publiko eta familiei 70 eta 80 milioi eurotako gainkostua eragin ziela gogorarazi dute; hori ebatzi zuen Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordeak.
Bere aldetik, 2016an, Lehiaketaren Euskal Agentziak salatu zuen Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako eskola jantokien kudeaketa banatzea adostu zutela zazpi enpresek, eta 18 milioi euroko isuna jarri zieten. Azkenean, 7,4 milioira jaitsi zuten kopurua, “Eusko Jaurlaritzaren kontrol ezagatik”. Isunak isun, enpresa horiek eskola jantokiak kudeatzen jarraitzen dutela aitortu dute plataformakoek.
Hala, gaur egungo eskola jantokien eredua agortuta dagoela ozen adierazi gura dute: “Ebazpen horrek indartu egin du gure ustea. Ez dago arrazoi eta froga gehiagoren beharrik funtzionatzen ez duen eredu bat lurperatzeko”.
Pentsaera horri jarraituz, hainbat izan dira, plataformako kideek azken urteetan egindako proposamenak. “Osasuntsuagoak, gertukoagoak, justuagoak eta hezitzaileagoak diren hainbat proposamen bultzatu ditugu han eta hemen, eta horren alde lan egiten jarraituko dugu”, adierazi dute plataformako kideek. Eta horregaitik eskatzen dute prozesu parte hartzaile baten beharra.
Plataformaren asmoak. Hezkuntza komunitate, lehen sektore eta gizartetik sortu den eskaera bati erantzuteko jaio zen plataforma, “egungo eskola jantokien eredua aldatzeko nahiagaz”.
Eskola jantokiek duten balore pedagogikoa aldatzea eskatzen dute, elikadura inguru eta kulturarekin bat etortzea bultzatuz.