Kortezubik ere badauka bere udal aldizkaria
Kortezubi! izenez kaleratu dute ekainean Kortezubiko udal aldizkariaren lehen alea. Hiru hilabeterik behin argitaratuko dute. Herriko gertakizun zein udalak eskaintzen dituen zerbitzuen berri ematea dute helburu, eta herritarren ahotsa eta iritzia zabaltzeko tresna ere izango da.
Herriko gertakizunen zein udalak eskaintzen dituen zerbitzuen berri emateko eta herritarren ahotsa eta iritzia zabaltzeko tresna izateko helburuagaz jaio da Kortezubizi!
Ekainean argitaratu dute Kortezubiko udal aldizkariaren lehen alea, eta aurrerantzean hiru hilabeterik behin kaleratuko dute jakitera eman dute. Gainera, sare sozialetan (Facebook eta Twitter) ere zabalkundea emango diote.
Lehen alean, lehendabizikoz Kortezubiko udalaren aginte makila emakume baten eskuetan dagoela nabarmendu dute, eta Karmele Enbeita alkatea elkarrizketatu dute. Halaber, gaur egungo udalbatzaren talde argazkia eta izen-abizenak ere jaso dituzte argitalpenean. 1987ko ekainaren 30ean eratu zuten Kortezubiko Udala lehenengoz, eta lehen legealdi hartan zazpi gizonek osatu zuten udal korporazioa, eta bigarrenean sartu zen aurrenekoz emakume bat zinegotzi moduan (Milagors Gomez). 1995ean hautatutako zinegotzietako bat izan zen gaur egungo alkatea.
Komunikazioari daukan garrantzia ematez mintzo da Enbeita elkarrizketan: “Udalak lan asko egiten du herriaren alde, baina agian ez du beti lan horren berri eman. Hori hobetu nahi dugu, eta aldizkari berri hau eginkizun horren ardatz nagusia izango da”. Bestalde, proiektu berriak kontu handiz aztertuko dituztela dio, eta “proiektu errealistak” aurkeztu nahi dizkietela herritarrei. Era berean, udalaren lehentasunetako bat mantentze lanak izango direla adierazi du.
Kortezubitarren txokoa. Aipatu moduan, herritarrei ahotsa emateko atala ere badauka Kortezubizi!-k. Udalari zein herriari buruzko kezkak, kexak, ideiak, iritziak edota proposamenak jasoko dituzte. Beraz, horiek kortezubizi.aldizkaria@gmail.com helbide elektronikora helarazi behar dizkiete herritarrek.