Euskal selekzioak Belgika izango du aurkari Barakaldo Hiria Torneoan
Mario Lopez gernikarra da hautatzailea eta jokalarien artean dago Izaskun Garcia muxikarra. Euskadiren eta Belgikaren arteko partidua 20:15ean hasiko da zapatuan.
XI. Barakaldo Hiria Torneoa jokatuko dute asteburu honetan, eta euskal selekzioak Belgikaren kontra lehiatuko du finalaurrekoa, zapatuan [uztailak ], 20:15ean hasita. Aurretik, España U19 eta Ukrania U20 selekzioen arteko partidua hartuko du Lasesarrek [18:00].
Domekan, 12:30ean hasiko dute finala, eta 10:30etik aurrera jokatuko dute hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua. Neurketa guztietarako sarrerak doakoa dira.
Barakaldoko udaletxean aurkeztu dute gaur txapelketa, eta bertan egon dira Mario Lopez Euskadiren hautatzailea eta hamabi jokalarietako bat den Izaskun Garcia muxikarra. Gernika-Lumoko entrenatzaileak adierazi duenez, bera zein jokalariak “ilusioz” daude, eta “ikuskizun polita” emango dutela uste du: “Jokalariak konprometituta daude. Bi entrenamendugaz ezin dugu denboraldi oso bat egiten duen talde baten moduan jokatu, baina gure nortasunaren zeinu edo markak baditugu. Erasorako Dia Ligako kalitatezko jokalariak ditugu eta defentsa porrokatua daukagu”.
German Monge Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentea euskal selekzioaren ezaugarriez mintzatu da. Haren berbetan, esperientzia eta gaztetasuna batzen ditu taldeak. “Jokalarien batez besteko adina 24 urtetan dago, eta Espainiako gorengo bi txapelketetan 1.950 bat partidu lehiatu dituzte denen artean”.
Belgikarentzat eta Espainiarentzat U19 Munduko Txapelketa prestatzeko torneoa izango da; uztailaren 20tik 28ra jokatuko dute Thailandian Munduko Txapelketa. Europako txapeldunordea den selekzio espainiarrean nabarmentzen diren zenbait jokalari daude. Esate baterako, Lola Pendade pibota, kalitate askoko Helena Pueyo eskolta eta Lura Piera. Belgikak ere izan handiak ditu; Billie Massey pibota U18 Europako Txapelketako hirugarren erreboteatzailerik onena izan zen eta Eva Hambursin bigarren laguntzaile onena. Ukraniako selekzioa da ezezagunena, baina talde lehiakorra osatu dute.
Partidua prestatzeko lehen lan saioa atzo goizean egin zuten Gernika-Lumoko Malosten. Naiara Diez Lointek Gernikaren kapitainak selekzioan jokalari oso onak daudela azpimarratu zuen. “Urtero egiten den ekitaldi bat da eta guretzat oso garrantzitsua da. Euskadi halako torneoa batean talde hauekin egotea guretzat pozgarria da”. Aurrekoan finalean sartu ziren eta hori errepikatzea “erronka oso zaila” izango dela uste du altsasuarrak. “Selekzio oso onak daude. Baina, lan eginez, ahalik eta hoberen egiten saiatuko gara, eta batez ere talde sendo bat izaten”.
DEIALDIA
- Antolatzaileak: Itziar Ariztimuño (Lointek Gernika), Izaskun Garcia (RPK Araski) eta Lara Gonzalez (IDK Gipuzkoa.
- Eskoltak: Sara Iparragirre (IDK Gipuzkoa) eta Cristina Molinuevo (RPK Araski).
- Hegalekoak: Naiara Diez (Lointek Gernika) eta Laura Arroyo (GDKO Ibaizabal).
- Hegal-Pibotak: Itsaso Conde (Aros Patatas Hijolusa) eta Gracia Alonso de Armiño (Centros Unico Real Canoe).
- Pibotak: Maria Erauncetamurgil (IDK Gipuzkoa), Laura Pardo (RPK Araski) eta Yaiza Lazaro (GDKO Ibaizabal).
- Hautatzailea: Mario Lopez