Irailaren 13tik 15era egingo dute Bocineros-Deiadar Xtreme Ultra Traila
Gernika-Lumon hasi eta amaituko da aurten ere. Bizkaiko bost deiadar mendiak eta Bizkaiko Batzar Nagusien hiru egoitzak zeharkatuko dituzte 200km-ko probaren parte hartzaileek. Alex Txikon omenduko dute.
Bocineros-Deiadar Xtreme Ultra Traila iaz egin zuten lehenengoz, eta gaur aurkeztu dute bigarren edizioa. Irailaren 13tik 15era egingo dute Gernika-Lumon hasi eta amaituta. Hiru egun horietan, Bizkaiko bost deiadar mendiak (Sollube, Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia eta Oiz) eta hiru Batzar Nagusiak (Abellanedako batzar-etxea, gaur egungo Enkarterrietako Museoa; Gerediagako foru zelaia eta Gernikako batzar-etxea) zeharkatuko dituzte parte hartzaileek. Hain zuzen, 200 km eta 22.000 metroko desnibel metatua gainditu beharko dute kirolariek.
Lasterketak hamazortzi anoa-gune izango ditu (besteak beste Abellaneda eta Gerediagako batzar nagusien egoitzetan), eta bizi-oinarrietan, berriz, jantziz aldatzeko, atseden hartzeko edota masaje bat hartzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Balmasedan (88.km) eta Urkiolan (164. km) egongo dira aipatu bi guneak.
Parte hartu gura dutenek probaren webgunean ( www.bocinerosxtreme.com ) izena eman behar dute; abuztuaren erdialdera arte izena eman daiteke. Ultra trailean, kirolarien segurtasuna bermatzeko, gehienezko dortsal kopurua 200ekoa izango dela jakitera eman dute. Iaz moduan, aurten ere ultra trailaz gain, Deiadar Ultra eta Deiadar Maratoia ere egingo dituzte.
100 km-ko Deiadar Ultra proba (10.600 metroko desnibel metatua) sei mendilerrok eta hamar bat gailurrek osatuko dute. Hori ere Gernika-Lumon hasi eta amaituko dute, eta bestere artean, bi deiadar menditatik igaroko dira parte hartzaileak; Sollubetik eta Oizetik. Hain zuzen, Busturialdeko, Lea-Artibaiko eta Durangaldeko hemeretzi udalerriti zeharkatuko dituzte, eta besteak beste, Bermeon, Busturian, Kortezubin, Ereñon eta Aulestin edukiko dituzte anoa-guneak.
Deiadar Maratoia (42 km eta 4.400 metroko desnibel metatua) ere Gernika-Lumon hasi eta amaituko dute. Busturialdeko hamar herri lotuko ditu lasterketakm eta besteren artean, Almiken (Bermeo), Altamiran (Busturia) eta Urberuagan (Forua) ipiniko dituzte parte hartzaileentzako anoa postuak.
Mendi martxak egiteko aukera eskainiko dute oraingo honetan ere. Gainera, hiru martxa (Kolitza, Ganekogorta eta Gorbeia) gauez izango dira. Mendi martxetan irailera arte izena eman daiteke.
Omenaldia. Mendia eta mendizaletasunaren munduan modalitate ezberdinetan murgildutako bizkaitarrak omenduko dituzte aurten hasita eta Alex Txikon lemoaztarra izango da lehen omendua. “Nanga Parbat mendia neguan eskalatu duen lehenengo pertsona da eta hamar zortzimilako ditu bere palmaresean”. Gainera, Txikonek Deiadar Ultra (100K) lasterketan parte hartuko du.
Bocineros-Deiadar Xtreme Ultra Traila gaur goizean aurkeztu dute Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan, Ana Otadui Lehendakariak, Emilio Lobato Mahaiko bigarren idazkariak eta Oihan Arzuak Bocineros-Deiadar lasterketaren zuzendariak, 2018ko ultra trail lasterketaren lehen edizioko irabazleak diren Agurtzane Argiarro eta Juan Romano bermeotarrek lagunduta.
Deiadar Ultran (100k) parte hartuko duen Argiarrok adierazi duenez, “indar psikikoak” eman zion 2018ko ultra trail Xtreme lasterketa irabazteko aukera: “Lasterketa horretan 20 bider hiltzen zara, baina beste horrenbestetan berpiztu”. Romanok Deiadar Xtremen parte hartuko du berriro, eta iaz gehien sufritu zuen unea Oizetik jaistean izan zela gogora ekarri du: “Oso luze egin zitzaidan, benetako tortura izan zen”.
Arzuak probaren berezitasuna azpimaratu du: “Bakarra da, bai gogorarazten duen tradizoagatik eta baita ere distantziagatik. 200 kilometroko Penintsulako lehenengo ultra traila baita eta Europako hirugarrena”. Instituzioei, babesleei, bolondresei eta korrikalariei “abentura honi aurre egiteagatik” eskerrak eman dizkie eta “mendizaleei eta adarra duen edonori” Deiadar Mendieetara igotzeko deia egin die, partaideei babesa eta berotasuna adierazteko.