Aaron Barbero Ortiz da Bizkaiko txapeldun berria
Ereñoko XIII. Raida lehiatu zuten zapatuan [ekainaren 29a]. Bost kategoria izan zituzten parte hartzaileek aukeran, eta hiru ibilbide konbinatuz osatu zuten proba.
Aaron Barbero Ortizek irabazi du Bizkaiko Txapelketa Ereñoko XIII. Raidean. Siria Burdin zaldiarekin lehiatu zen zapatuan CEAP kategorian, eta orotara, 3 ordu 39 minutu eta 37 segundo behar izan zituen 40 kilometroko ibilbidea egiteko. Txapeldunaren zaldiak, gainera, Best Condition saria jaso zuen. Jose Ramon Irigoien Zamalloa eta bere Califa Buroin zaldia sailkatu ziren bigarren postuan, 3 ordu 12 minutu eta eta 15 segundoko denborarekin; eta Arkaitz Ozamiz Fernandez izan zen hirugarrena. Amal Said zaldi gainean, 3 ordu 13 minutu eta 38 segundotan bukatu zuen ibilbidea.
09:00etan ekin zioten 80 kilometroko probari CEI 1 eta CEN 0 kategorietako parte hartzaileek, eta 26 kilometroko ibilbideari bi bira eta 24kilometrokoari beste bat eman behar izan zizkieten. Eva Pecharroman Vega izan zen CEIn irabazlea, Flaco zaldi gainean 5 ordu 38 minutu eta 20 segundotan ezarri zuen denbora. Pecharromanek, gainera Ladies Cup modalitatea ere bereganatu zuen. Angel Aiestaran Urrutia bigarren sailkatuari ia zortzi minutu atera zizkion. Bere Relampago zaldiak, ordea, Best Condition saria eskuratu zuen. Hirugarren Zigor Uriarte Ikutza izan zen, eta 6 ordutik gora behar izan zituen ibilbidea bukatzeko. Epaileek Best Condition AECCA saria eman zioten Analu del norte 59% zaldiari.
Minutu baten bueltan erabaki zen CEN 0 kategoriako irabazlea. Hiru parte hartzailek izena eman bazuten ere, Jennifer Loza Sanchez ez zen aurkeztu, beraz, Koldo Otxoa Alvarez eta Ruiz de Villa Alvarez izan ziren aurrez aurre. Otxoa izan zen azkarrena, 6 ordu 29 minutu eta eta 17 segundotan bukatu zuen proba.
60 kilometroko ibilbidean, CEAP kategoriako lehen bi lehiakideek baino ez zuten bost ordutik beherako denbora ezarri. Patricia Liendo Perezek irabazi zuen, 26 kilometroko zirkuituari bira bat eta 16koari bi eman ostean. 4 ordu 38 minutu eta 26 segundo behar izan zituen guztira, eta bere Rohf Manhis zaldiari eman zioten Best Condition saria. Bigarren postuan, Iñigo Arrizabalaga Carrasco eta Sas Ali sailkatu ziren, irabazlea baino ia sei minutu beranduago helmugaratuz. Hirugarrena Roke Alba Gurpegi izan zen, eta bost ordutik gora behar izan zituen.
Kategoria guztietako lehen hiru sailkatuek garaikurrak jaso zituzten, baita pentsio zakuak eta txakolin botila bana ere.