Jazz musikaren "epizentroa" izango da Bermeo
Uztailaren 3tik 5era bitartean hiru jazz kontzertu eskainiko dituzte 22. Jazzber jazzaldian. Busturialdean zaletasuna eta ezagutza bultzatzea da Bermeoko Udalaren eta Jizz Jazzen helburua. Lehen egunean, Jon Urrutia Trio taldeak espainiar, frantses eta Ameriketako kulturetako musika etniko eta herrikoietako erritmikak bateratuko ditu, musika klasikoaren, garaikidearen edota inprobisatzailearen eraginak hartuta.
“Txiki baina txukun”, bermeotarrek jazz-az gozatzeko aukera ezin hobea edukiko dute datozen egunotan. 22. aldiz egingo duten Jazzber jazzaldiak hiru egunetan kontzertu bana eskainiko ditu.
Alazne Zumeta Bermeoko Kultura zinegotzia eta Igor Markaida eta Joseba Verdes Jizz-jazz taldeko kideak batu dira gaur goizean ekimena aurkezteko. Gogoratu dutenez, Bermeoko jazzaldia ekimen berezia da, izan ere, “Jazzber eskualdean egiten den jazz jaialdi bakarra da”.
Uztailaren 3tik 5era arte, egunero kontzertu bana eskainiko dute. Busturialdean zehar “jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatzea” da Bermeoko Udalaren eta Jizz Jazzen helburua. Jaialdiagaz “jazz mundua herrira hurbiltzea eta jazz musikaren joera berrienak ezagutaraztea” nahi dute.
Helburu hori hartuta, “kalitatezko programa oso erakargarria” eratu dute. Uztailaren 3an, eguaztenean, Jizz-Jazzek aukeratutako talde batekin hasiko dute egitasmoa. Jon Urrutia Trio taldeak “espainiar, frantses eta Ameriketako kulturetako musika etniko eta herrikoietako erritmikak bateratuko ditu”, musika klasikoaren, garaikidearen edota inprobisatzailearen eraginak hartuta.
Hiru kontzertu. Eguenean, uztailaren 4ean, Jose Angel Lorente Quintet boskotearen txanda helduko da. Urteko jazz egitasmorik onenaren BBK saria jaso du taldeak, eta Markaidaren berbetan, bere lehenengo albuma den Raíces “energia hutsa” da. “Jazz berriaren soinua eta publikoki historiak helarazteko sentimenduz beteriko konposaketak” entzuteko aukera izango dute kontzertua ikustera hurreratzen direnek.
Azkenik, uztailaren 5ean Szymon Klekowicki sextet taldeak joko du kafe antzokian. Poloniatik datorren talde gazteak 2019an estreinaldiko albuma grabatu zuten, A day in the bus izenekoa.
Kontzertu guztiak 20:30ean hasiko dira kafe antzokian, eta sarrera doakoa izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Egitasmoa eratzerako orduan Bizkaiko Foru Aldundiaren, Oizmendi Telebistaren eta Itsuki Irratiaren laguntza jaso dute.
Hedatuta dagoen estiloa. Markaidak azaldu duenez, gaur egun “herritar guztiak dira jazz-aren parte”; musika estiloa gaur egun oso hedatuta dagoela uste du: “gure inguruan bere tokia aurkitu du”.
Horregatik, jazzaldiagaz Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuek eta musika zaleek orokorrean, “kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko” aukera dutela nabarmendu du kostako herria “epizentro bezala hartuta”.
Antolatzaileek pertsona guztiak 22. Jazzberrean parte hartzera eta kontzertuekin ondo pasatzera gonbidatu dituzte, “eskualdean erreferente” bihurtu den jaialdiak musika estilo berezi horrekin gozatzeko aukera aparta eskainiko baitu.