Gure Eskuk Gernika-Lumon bukatu du etapa berriaren aurkezpen bira
Erreferendumaren aldeko herri ekimena bultzatzeko asmoz, aurrera pauso kualitatiboaren azalpena eman dute Josu Etxeburu bozeramaileak eta Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko koordinatzaileak, Elai Alai Aretoan.
Martxoaren 31n hasi zuten Gure Eskuko ordezkariek etapa berria “erreferendumaren aldeko herri ekimen bat bultzatzeko asmoz”. Ordutik, proposamenaren inguruko zertzeladak ematen aritu da herriz herri Josu Etxaburu Gure Eskuren bozeramailea. Abadiñon hasi eta Gernika-Lumon bukatu zuten atzo aurkezpen bira: “Hiru hilabetez, herri ekimena kokatu eta egin zein lortu nahi dugunari buruzko hitzaldiak eman ditugu”, azaldu zuen Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko koordinatzaileak.
“Herriaren izenean erabakiak nork hartzen dituen oso ondo ez dakigu, eta kontrol demokratikorik gabekoak izaten dira erabakiok, gainera”, salatu zuen bozeramaileak Elai Alai Aretoan. Hala, egoerari aurre egiteko, estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzea da Gure Eskuk duen erronka berria, “erreferendum hitza mahai gainean jartzea”. Helburua lortzeko bidean, aurreko bost urteetan egindako lana elikatzen jarraitu behar dutela ohartarazi zuen hizlariak.
Aurrera pauso kualitatiboa proposatzen du Gure Eskuren etapa berri honek, ekintza masibo eta parte hartzaile baten bitartez: sinadura bilketa erraldoia. Eta 2020ko ekainean jarri zuen Etxeburuk hitzordua. “Baina zer babestuko dute herritarrek sinadurarekin? Manifestuak”. EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian manifestu bana aurkeztuko dute, oinarri komunak izango dituztenak: oinarrizko eskubideen zein kultura demokratikoaren defentsa, eta erreferendumak egitearen zilegitasuna, besteak beste. “Nahi nuke manifestua izatea laburra, ulergarria eta inklusiboa. Eta horretarako behar ditugu gizartean eragile direnen babesa. Bat eginda jokatu beharko dugu herri herronka honetan”.
Horretarako, ordea, hiru fase zehaztu zituen. “Lehenik, saretze lana egitea dagokigu, eta horretarako, estrategia aldatu beharra daukagu. Izan ere, orain arte hurbilenekoengana jo dugu lehendabizi gure erronka azaltzera, eta horrek suposatu du benetan iritsi nahi izan dugun horiengana energia barik heldu garela. Hala, gurekin harremanik ez duten norbanako, talde eta eragileengana jo beharko genuke etapa berri honetan”.
Ostean, mobilizazioak egiteko txanda izango dela esan zuen Etxeburuk, eta azkenik, sinadura bilketa egin eta hauek instituzioetara bideratuko dituztela. “Euskal herritar gehiengo zabal batek erabakitzeko eskubidearekin bat egiten dugula ikustarazi nahi dugu, nahiz eta pertsona bakoitzak ezberdin pentsatu. Eskubidea denona dela erakutsi nahi dugu”. Eta erronka bideratzeko gakoa herri ekimenak dauka, izan ere, eragile handi zein txikiak eta erakundeak inplikatu nahi dituzte: “Sinadura bilketa masibo horretan jasotako sinadura guztiak hartu eta dagokionaren eskuan ipini nahi ditugu, euskal herritarrok zer egitea nahi dugun jakin dezaten”.
Epe luzera planteatutako erronka da, eta “pazientzia” eskatu du Etxeburuk. Hau da, ekainera iristen ez badira, sinadura bilketa arazorik gabe abenduan ere egin dezaketela ohartarazi zuen Etxeburuk, “edo 2021ean, agian”. Kronograma bat jarraitzeko asmoa badute ere, datak ez dira finkoak, eta malgutasunez jokatuko dute. Argi dutena da, baina, sinadura bilketa hilabete batean bakarrik kontzentratu nahi dutela, bestela indarra galduko lukeelako. Eta Euskaraldiaren adibidea jarri zuen: “11 egunetan foku mediatiko guztiak jarri ziren ekimenean”.
Gure Eskuko ordezkariek beraien autonomia bermatu nahi dutela ere azaldu zuen Etxeburuk, eta horretarako bazkide kanpaina berri bat jarri dute martxan. 2.428 bazkide dituzte gaur egun, baina gehiago behar dituzte. Hala, ekonomikoki egoera onean ez daudenentzako bazkidetza eredu berezi bat abiatuko dutela adierazi zuen Gure Eskuko bozeramaileak.