Ekintzailetza bultzatzeko Urratsbat programa jarriko dute martxan Barrutialden
Busturialdeko Lanbide Ekimenegaz garatuko duten programa da. Doako zerbitzu hau, gainera, herritar guztiei zuzenduta dagoela azpimarratu dute arduradunek.
Urratsbat deitutako ekintzaileentzako aholkularitza integralerako zerbitzua eskainiko dute datorren ikasturtean Barrutialden. Lanbide Heziketako bigarren mailako ikasleei, ikastetxeko ikasle ohiei eta eskualdeko ekintzaile guztiei zuzendutako programa da ikastetxean martxan jarriko dutena.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako eta Tknikak koordinatutako Lanbide Hezkiketako ikasleek beraien enpresak sortzen laguntzeko asmoa dauka Urratsbatek. Ikastetxeetako bigarren mailako ikasleei, ikastetxeko ikasle ohiei eta ikastetxearekin prestakuntza ez arautuaren edo prestakuntza ez presentzialaren bidez zerikusia duen edozein pertsonari zuzenduta dago.
Barrutialdek, baina, eskaintza zabalagoa emango du Busturialdeko Lanbide Ekimenegaz hitzarmena sinatu duelako. Hala, eskualdeko edozein ikasle edo ikasle ohik parte hartu dezakeela zehaztu du Agurtzane Goitia Barrutialdeko Urratsbat programaren dinamizatzaileak: “Barrutialderen kasua berezia da, hitzarmen bat sinatu baitugu Busturialdeko Lanbide Ekimenagaz. Hala, eskualdeko beste ikastetxe batean ez dago programa denez, beste ikasle horiei ekimenean parte hartzeko aukera ere ematen diegu. Denek parte hartu dezakete”.
Eskaintzak. Ikastetxearen ardura ikasle eta ikasle ohi ekintzaileak aurkitzea izango da, “eta eurei laguntza eskaintzea”. Hala, prozesua abian den artean, uneoro laguntzeko prest egongo den arduraduna edukiko dute ekintzaileek, eta aholkularitza integraleko zerbitzu bat eskainiko die. Kargu hori daukanak, besteren artean, diru laguntzei buruzko informazioa emango die, eta negozio plan bat egiteko orduan lanbide ekimeneko zentrora bideratuko dituzte.
Barrutialde institutuaren kanpoaldean kokatu dute ekintzaileen bulegoa. Ikastetxetik kanpo atera dute, eskualdera zabaltzeko; Izan ere, bere enpresa abian jartzeko prozesuan beharrezko espazioa izatea ahalbidetzen die ikastetxeek. Gainera, proiektuak hala eskatzen badu, beste instalazio batzuk erabili ahalko dituzte, hala nola ikastetxeko tailerrak. Goitiak esan bezala, euren proiektuaren azterketa fasean daudenean prototipoak egiteko aukera izango dute Barrutialden: “Ikastetxeko tailerrak erabili ahalko dituzte, zurgintzako tailerra edo 3Dko inprimagailua esaterako”.
Aurtengo ikasturtean eskatu zuten programa horren barruan sartzea. “Gure ikastetxea oso txikia da, ez dauka ziklo eta ikasle askorik. Beraz, ez da erraza horietatik ekintzaile bat aurkitzea. Eta eskualdeko azterketa egin genuen. Hala, eskualde mailako beharrizana ikusi eta txikiak izan arren martxan jartzea erabaki genuen”.
900 enpresen abiapuntu. 2.000. urtean abiarazi zuten Urratsbat programa, eta dagoeneko Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 70 ikastetxetan dago ezarrita. Lanbide Heziketako zentroetako ikasleek laguntza behar zutelako jarri zuten martxan, eta ordutik 900 enpresa sortu dituzte ikasleek. Gainera, sortutako enpresen %70k martxan jarraitzen dutela gogorarazi du Leire Zubero Tknikako koordinatzaileak.
Programa sustatzeko, gainera, elkarlana ezinbestekoa dela deritzo Zuberok, eta horregatik ekintzailetzaren ekosisteman dauden beste eragile batzuekin harremanetan egoten saiatzen direla adierazi du: “Beste erakunde batzuekin lan eginda gehiago ikasten delako”. Hala, Busturialdeko Lanbide Ekimenegaz akordioa lortzea “oso ona” izan dela deritzo.
Urratsbat programaren eginbeharrak Barrutialden zentralizatuko dituztela adierzi du gainera: “Eskualdeko eta inguruko Urratsbat programaren lanak Barrutialden zentralizatuko dira. Badaude Lanbide Hezkietako beste zentro batzuk Bermeo eta Gernika-Lumon, baina horietan ez daude proiektu asko, eta denak hemen sustatzea erabaki dugu”.
Jon Lejarraga Lanbide Ekimeneko presidentea bat dator Zuberogaz, eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. “Eraikinak bakarrik ez ditu proiektuak aurrera ateratzen, bizitasuna behar da, eta horretarako bultzatzen ditugu formakuntza planak”. Ikasleak parte hartzera gonbidatzen ditu Lejarragak, izan ere, baliabide falta dela euren arrazoi nagusia deritzo, eta Urratsbatek horiek eskaintzen dituela gogorarazi du.