Bi lanen artean aukeratu beharko dute bermeotarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaien kartel lehiaketarako
'Anton eta Josefin' eta '¡Badatoz!' kartelen artean aukeratu beharko dute bermeotarrek. Uztailaren 4ra arte bozkatu ahalko dute.
Bermeoko Jai Batzordeko kideek, Udaleko zinegotziek eta Barrueta Arte Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak Anton eta Josefin eta¡Badatoz! kartelak aukeratu ditu Andra Mari eta Santa Eufemia jaien kartel lehiaketarako finalista bezala. Hala izanik, orain bermeotarren txanda da bi kartel horien artean 2019ko jaien kartela izango dena hautatzeko.
Bi kartel finalistak Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean egingo den erakusketan ikusi ahal dira astegunetan, uztailaren 4ra arte.
Gainera, dagoeneko botoa ematea posiblea da herritarrentzat. Uztailaren 4ra arte bozkatu ahal izango dute Bermeoko Kultur etxean ezarriko den kutxan, eta baita internet bidez ere, Bermeoko Udaleko webgunean edota udalaren sare sozialetan eskuragai jarri duten loturaren bitartez.
Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izango dutela aurreratu dute, eta internet bidez jasotakoek berriz, %30ekoa. Kartelen egileen nortasuna publikoki edota sare sozialez bidez adieraztea debekatuta dagoela adierazi du udalak. Gainera, herritar bakoitzak bakarrik baten bozkatu dezakela jakinarazi du. Lehiaketaren irabazlea uztailaren 5ean jakinaraziko du udalak.
Sormen gaitasuna. Guztira, lehiaketara zortzi kartel aurkeztu direla azaldu dute udaletik. Horien artean aukeratu ditu bi finalistak epaimahaiak. Parte hartu dutenen “sormen gaitasun anitza” nabarmendu dute, aurkeztutako kartelak “estilo oso ezberdinetakoak” izan direla azpimarratuta.
Aukeraketa egiterako orduan, besteak beste, kalitate artistikoa, originaltasuna, Bermeoko jai giroa adieraztea eta lehiaketaren oinarrietako ezaugarriak jasotzea (jai herrikoiak eta herritarrentzat izatea, parte-hartzaile eta sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak) baloratu dituzte epaimahaiko kideek.