J. M. Torrealdai Kultur Etxearen Eguna ospatuko dute Foruan
Musika, jolasak eta beste hainbat ekimen batuko dituen jardueraz betetako eguna prestatu dute domekarako.
Foruko J. M. Torrealdai Kultur Etxearen Eguna ospatuko dute forutarrek domekan. Egun osorako jarduerak prestatu dituzte, eta aldi berean kultur etxean egindako ikastaroetan ikasitakoa ezagutzera emateko aprobetxatuko dute.
12:30ean hasiko dira ekimenekin. Etxeko txikienei zuzendutako puzgarri eta jolasak jarriko dituzte kultur etxe ondoan. 14:30ean bazkari herrikoia egingo dute. Menuan paella, entsalada, oilasko errea eta postrea eskainiko dituzte. Bazkarira joan nahi duenak aurretiaz izena eman beharko du kultur etxean bertan. Izen emateak 12 euroko prezioa du.
Bazkal ostean, berriz, trikitixaren doinuek alaituko ditu sabela bapo betetako herritarrak. Gainera, kultur etxean egindako zenbait ikastaroren partaideek emanaldiak eta ikuskizunak eskainiko dituzte: esaterako, zumba edota cardioboxeko ikastaroetako ikasleek dantzak egingo dituzte.
17:00ak aldera berriz jarriko dituzte puzgarriak, eta adin guztientzako dinamikak eta jolasak ere egingo dituzte. Egunari amaiera emateko musika izango da protagonista. Hala, musika festa egingo dute bai ume zein nagusiek ederto pasatzeko.
Antolatzaileek forutar guztiak animatu dituzte domekan kultur etxera hurreratzera.