Gintare Mazionytek Lointeken jarraituko du
Aurreko denboraldiaren amaieran gehien nabarmendu zen jokalarietako bat da lituaniarra.
Gintare Mazionyte jokalari lituaniarraren kontratu berritzea jakinarazi du gaur Gernika KESBek.
Lointek Gernikaren barruko jokorako jokalari garrantzitsua izatea espero dute hurrengo denboraldian ere, Nogale Lo eta Nikolina Milic-ekin batera. Hain zuzen, 2018-2019 denboraldiaren amaieran gehien nabarmendu zen jokalarietako bat da Mazionyte.
Lana eta kanpoko jaurtiketak dira bere dohain nagusiak. “Aurreko denboraldian ondo egokitu zen taldera, eta ondo aprobetxatu zituen bere aukerak. Sasoian heldu zen azken txanpara eta esaterako, defentsan dena emateko duen gaitasuna agerian utzi zuen”. Partiduko batez beste 14 minutu jokatuta, 4,6 puntu eta 2,3 errebote lortu zituen.
Taldea. Momentuz, jokalari hauek osatzen dute 2019-2020 denboraldirako klub gernikarraren Emakumezkoen Ligako taldea: Gaby Ocete, Nogaye Lo, Belen Arrojo, Naiara Diez, Blake Dietrick, Nikolina Milic eta Gintare Mazionyte.