Euskadiko urpeko arrantza txapelketa irabazi du Izaro Sub taldeak
Hamabi talde bildu ziren domekan Armintzan lehian aritzeko. Izaro Subeko kideek laugarren urtez lortu dute garaipena.
Bermeoko Izaro Sub klubeko urpekariek garaipena lortu dute Euskadiko urpeko arrantza txapelketan. Irkus Lopez de Abetxuko eatarrak, Lander Aurrekoetxea bermeotarrak eta Jon Mikel Bikandi durangarrak osatutako hirukoteak bost orduko lehiaren ostean puntuazio altuena lortu zuen.
Armintzan batu ziren urpekariak domekan lehian aritzeko. Bakioko kostaldetik hasita Gorlizko Billano irlara arteko arrantza esparrua mugatuta eduki zuten partaideeek; guztira hiru urpekariz osatutako hamabi taldek lehiatu zuten txapelketan. 09:15ean hasita, 14:15etara arte ibili ziren arrantzan.
Itsaso barea egon zen domekan Armintzako kostaldean, eta “ura garbi-garbi” egon zela adierazi dute taldekoek. Armintzako urak taldekoentzako ezagunak izan arren eguneko baldintzek eragin handia dutela nabarmentzeko dute Izaro Subekoek. “Nahiz eta leku berean izan, itsasoaren egoeraren arabera jokatu behar da, eta ze arrain mota arrantzatu behar diren jakin beharra dago”.
Izan ere, araudiak arrain mota bakoitzerako kopuru bat ezartzen du eta beraz, urpekariek ezin dute muga hori gainditu. Horrek mugitzera behartzen die, baina ahalik eta eraginkortasun handienagaz jokatzeko urak ezagutzea ezinbestekoa egiten zaie, betiere itsasoaren egoeraren arabera.
Prestakuntza. Horretarako egun batzuk lehenago eremua ezagutzen aritu direla diote txapeldunek. Aurretiaz egindako lanak balio izan ziela aitortu dute, eta dagoeneko miatuta zituzten guneetan arrain mota berdinak egoten jarraitu izan zutela, “lana erraztuz”.
Guztira, 22 pieza arrantzatu zituzten Izaro Subekoek, 38.130eko puntuazioa lortuta. “Lehia gogorra” izan zela azpimarratzen badute ere, bigarren sailkatuari, Ondarroako OUE 1eri 5.000 puntuko aldea atera zioten. Arrantzatutako piezei dagokienez, durdoak, itsas aingirak eta kongrioak harrapatu zituzten. Txapelketa irabazteaz gain pisu handiena zuen arraina harrapatzearen saria ere eraman zuten, 1,4 kiloko pisua zuen durdo gorriagaz.
Txapelketan lortutakoagaz “oso pozik” azaldu da Izaro Subeko hirukotea. “Oso egun ona izan zen, eta ikusita eduki genuenak leku berean jarraitzen zuen. Oso pozik gaude laugarrenez jarraian irabazteagatik”.
Euskadiko txapelketa irabazteak irailean Mallorcan lehiatuko den Espainiako txapelketarako parte hartzeko aukera ematen dien arren, aurten ez direla aurkeztuko azaldu dute. “Ur oso desberdinak” direla diote, eta horietan lehiatzea zaila dela.