Ikasle Abertzaleak-ek Lekeitio eta Gernika-Lumo artean egingo du Eskola Ibiltaria
Uztailaren 23tik 26ra egingo dute ikasleen "formakuntza edo heziketa iraultzailean eta jarrera sozialistan" sakontzeko espazioa den Eskola Ibiltaria.
Aurten, Lekeition hasi eta Gernikan bukatuko du Ikasle Abertzaleak-ek Eskola Ibiltaria. Uztailaren 23tik 26ra zeharkatuko dituzte Lea-Artibaiko eta Busturialdeko hainbat herri. “Udako aisialdi errutinatik atera eta lau egun atsegin bezain aberasgarri pasatzeko aukera aproposa da ikasleontzat”.
Bertoko paisaia ederrez gozatu eta ibilaldi jasangarriak egiteko proposamena dakarte, eta hitzaldiekin, tailerrekin, jolasekin eta beste ekintza batzuekin osatutako eskaintza kulturala osatu dute. Azken egunean, gainera, ospakizunerako tartea ere hartuko dute Gernika-Lumon.
Atzo aurkeztu zuten Lekeition, eta esan zutenez, ikasleen formakuntza edo heziketa iraultzailean eta jarrera sozialistan sakontzeko espazioa da Eskola Ibiltaria, “borroka komunitatea sendotzeko ekimen garrantzitsua izatearekin batera”.
Eskola Ibiltari guztirako bonoak 20 euro balio du, eta egun batekoak 8 euro. Lea-Artibaikoe eta Busturialdeko. hainbat tabernatan daude eskuragarri, uztailaren 16ra arte.
“Despolitizazioa, lehiakortasuna eta indibidualismoa nagusi den gizarte honetan, berebiziko urgentzia eta garrantzia hartzen dute proletargoaren auto-heziketa iraultzailera bideratutako espazioek. Hauen gabezian, mekanismo ideologiko dominatzaileak hartzen dute gure bizitzaren gaineko agintea, langileon potentzial iraultzailea guztiz neutralizatuz eta anulatuz. Ikasleok aspalditik tendentzia honekin bukatzeko konpromisoa hartua dugu, eta norabide horretan urratsak ematen hasiak gara. Bidearen zailtasun graduak hankak lurrean jartzera behartzen gaitu ordea, ematen dugun urrats bakoitza irmoa izateko helbururarekin”, adierazi dute.