Gernika Garretan Kultur Elkarteak eta Artedramak elkarlanean egingo dute bonbardaketari buruzko ikuskizuna
2020eko ikuskizuna Ander Lipus markina-xemeindarrak zuzenduko du. Eguaztenean Astran batzartuko dira eta herritarrak animatu dituzte bertara hulbildu eta ekarpenak egitera.
Gernikako Bonbardaketaren egunez, 2011an egin zuten lehenengoz Gernika Garretan antzezlana (2011, 2012, 2013, 2015, 2017an egin dute). Hurrengoa 2020an izango da, eta hori prestatzeko batu dira Gernika Garretan Kultur Elkartea eta Artedrama.
Elkarlanaren berri emateaz gain, datorren eguaztenerako (ekainak 26) deialdia zabaldu dute. Astran jarri dute hitzordua, 19:00etan. Batzarrera hurreratzera animatu dituzte herriko zein inguruko bizilagunak. “Elkarteko kideez gain, gogoa eta interesa duen edonork ikuskizunean parte hartzea nahi dugu. Beraz, eguaztenean Astrara etortzera animatzen dugu jendea”, adierazi dute Gernika Garretan Kultur Elkartearen ordezkariak.
Aurreratu dutenez, dagoeneko zehaztu dute ikuskizunaren izenburua: Gernikak. “Ez du Gernika Garretan izena edukiko oraingoan. Gernika asko daude, eta mezu hori errepikatzen da urtero bonbardaketaren urteurrenaren ekintzetan ere. Beraz, Gernikak izena erabaki dugu. Garai zein herrialde desberdinetan errepikatzen diren Gernikei egingo die erreferentzia”.
Ander Lipus markina-xemeindarrak zuzenduko du lana, eta dagoeneko ideia nagusia eta nondik norakoak argi dituzte. Hala ere, eguazteneko batzarrean herritarren ekarpenak jasotzeko prest daudela adierazi dute. “Proposamenak entzun eta aztertuko ditugu eta gero, denon artean ikusiko dugu zer egin daitekeen eta zer ez. Proiektu berria da, zuzendaritza eta dimentsio berria dituena eta esperientzia berri hau bizi eta gozatu nahi dutenak etorri daitezela”.