Eguazten iluntzeetako hitzordua
Ekainaren 26an hasi eta uztailaren 31ra arte entzungo dira Astra Iluntzeak-en doinuak. Aurtengo kartela herriko hamar eragileren artean osatu dute.
Musika, lagunak eta udako iluntzeak. Osagai horiek dira Astra Iluntzeak cocktaila osatzen dutenak. Hamar eragilek elkarlanean prestatu dute datozen sei eguaztenetarako menua. “Gernika-Lumo eta inguruetako eragile desberdinek antolatu dugu ekimen hau. Musika, poteoa eta lagunartea edukiko ditugu. Bolondres lana eta dena bihotzez egina”. Iluntze gau partean askotariko doinuez beteko da Astrako terraza. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira (doan).
Hain zuzen, atzo iluntzean aurkeztu zuten aurtengo kartela, Unai Arostegi Perre bermeotarraren musikak lagunduta. Hor nonbait bere bakarkako lehen diskoa aurkeztu zuen bertan. Erroetatik jaiotako doinuak arteagaz batu dituen lanaren aletxo bat ekarri zuen Gernika-Lumora. Une batez, Matxitxakoko itsasargiak iluntzean uzten dituen koloreetan bilatutako inspirazioa islatu zuen Astrako terrazan.
Hurrengo eguaztenean, ostera, bertsoak izango dira protagonista. Lilibertsoko kideek Miren Amuriza berriztarra, Etxahun Lekue larrabetzuarra eta Miren Artetxe hendaiarra gonbidatu dituzte ekainaren 26rako, eta Koldo Gezuraga etxeko bertsolaria izango dute anfitrioi.
Uztailaren 3ko afari-merienda Gernikaska Rudelari Taldearen, Astratxikiren eta Gure Esku Dago Gernika-Lumoren eskutik dator. Rythm&Blues eta soul doinuek hartuko dute Astra, My Bastard Friend hirukotegaz. Perkusio eta gitarra doinuak nagusi izango diren kontzertu akustikoa eskainiko du talde bizkaitarrak.
Egurre Gazte Asanbladien proposamena da Peputz. “Musikari eta musikazale porrokatua. Mikel Laboatik josu zabala eta konpainiaren akorde errebeldeetara”, horrela aurkezten du bere burua bakarlariak. Uztailaren 10ean egongo da Astran hernaniarra.
Balmasedan jaio eta Zeberion bizi den Maria Rivero musikaria Tribu Bandagaz lagunduta ailegatuko da uztailaren 17an. Japoniar kulturan bezala, arrakalak urrez betetzeko sortua da Kintsukoroi eta bakarkako proiektu hori aurkezten ari da han eta hemen. Hala, besteren artean, Ongi Etorriak kanta hunkigarriagaz ileak puntan jarriko dizkiete bati baino gehiagori. Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Sare Gernika-Lumok prestatu duten emanaldia da.
Uztailaren 24ko proposamena, berriz, Swingtxaku eta Tukatukada Batukada Taldearen partetik dator: Marta & Herbalist Faian. Bermeotar rap kantariaren mezu indartsu eta argiak erritmo ilunekin uztartuko dituzte.
Uztailaren 31n agurtuko dituzte Astra Iluntzeak, Katamalo Revivalegaz. 2007atik 2011ra, bi disko kaleratu zituen Bihotz Bakartien Klubaren proiektuak eta horien kanta ezagunekin gozatuko dute aurtengo azken emanaldira doazenek. Seber Altube 92 taldeak antolatutakoa izango da udako azken iluntze musikala.
ASTRA ILUNTZEAK-EGITARAUA:
- Ekainak 26: Bertso saioa: Miren Amuriza, Koldo Gezuraga, Miren Artetxe eta Etxahun Lekue (Antolatzailea: Lilibertso)
- Uztailak 3: My Bastard Friend (Antolatzaileak: Gerniska Rudelari Taldea, Astratxiki eta Gure Esku Dago Gernika-Lumo)
- Uztailak 10: Peputz (Antolatzailea: Egurre Gazte Asanbladie)
- Uztailak 17: Maria Rivero & Tribun Banda (Antolatzaileak: Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea eta Sare Gernika-Lumo)
- Uztailak 24: Marta & Herbalist Faian (Antolatzaileak: Swingtxaku eta Tukatukada Batukada Taldea)
- Uztailak 31: Katamalo Revival (Antolatzailea: Seber Altube 92)