11/13 sumarioko auzipetuei babesa eman diete eremu ezberdinetako euskal herritarrek
Ehunka dira dagoenerako Jon Maiak idatzitako manifestuagaz bat egin dutenak. Besteren artean, euskal instituzio ezberdinetan aritutako karguak, mugimendu sozialetan edo sindikalgintzan ibilitakoak, komunikazioaren alorrekoak, kirolariak edo kulturgileak batu dira.
11/13 sumarioko auzipetuei babesa eman diete euskal herriko eremu ezberdinetako hainbat bizilagunek. Babesa eskaintzeaz gain, konponbidearen alde Jon Maia bertsolariak idatzitako agiria aurkeztu dute gaur Bilboko Kafe Antzokian.
150 lagun ingururen babesa jaso du dagoenerako agiriak. Besteren artean, euskal instituzio ezberdinetan aritutako karguak, mugimendu sozialetan edo sindikalgintzan ibilitakoak, komunikazioaren alorrekoak, kirolariak edo kulturgileak biltzen ditu; horien artean daude eskualdeotako zenbait bertsolari eta idazle.
Irtenbidera, etorkizuna askatu izenburua du agiriak, eta irailean 47 lagun epaituko dituztela gogorarazten du, “euskal presoen eskubideen alde jarduteagatik”. Gainera, orotara, 601 urteko kartzela zigorra eskatzen dutela adierazten du Maiak idatzitako agiriak, eta horren kontra agertzen dira sinatzaileak: “Lehen bezala, orain ere, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu”.
Agiriaren sinatzaileek euskal herritarrek aurrera egin nahi dutela diote, eta etorkizunari behar bezala ekiteko, iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea “ezinbestekoa” dela uste dute. Hala, ez dituzte atzera pausoak eman gura: “Ez ditugu kate berriak asmatu behar eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu bidean harri berririk behar, ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi”.
Herritarren alde. Azken urteetan landutako baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea bestelako herri bat sortzeko zimendua direla uste dute agiriaren babesleek. “Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bitartez eta eskubide oro errespetatuz eraiki behar dugun etxea da, eta guztiok gara ezinbestekoak”. Hori horrela, sinatzaileen arabera, ez dira ari soilik epaituak izango diren 47 herritarren alde, Euskal Herrian bizi diren norbanako, eragile eta erakunde guztien alde baizik: “Euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidan aurrera egiten jarraitu dezan ari gara”.
Horregatik, irailaren 14an Bilbon egingo duten manifestaziora joateko deia egin dute. “Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera”, esanda, etorkizuna askatzea guztion erronka dela diote.
11/13 makroepaiketaren webgunean dago agiria, eta haren aldeko atxikimendua eman duten lehen 150 lagunen zerrenda ikusgai jarriko dute. Laster, gainera, herritar guziek izango dute agiriagaz bat egiteko aukera.
Elkartasuna elkartasunari. Irailaren 16an hasiko da epaiketa, eta Madrilera joan-etorri asko egin beharko dituzte. Hala, 11/13 sumarioko auzipetuek jakinarazi dute epaiketari aurre egiteko 337.462.000 euroko gastua izango dutela, eta diru bilketarako kanpaina bati ekin diote.
Gastu juridikoak, bidaiak, egonaldiak eta abar izango dituztela azaldu dute, eta ohartarazi “prozesu judizial luzeak karga ekonomiko itzela” eragingo diela.
Dirua eskatzen ibiltzea ez dela erosoa diote, baina egoera zailean dagoenak ere laguntza eskatzen jakin behar duela diote. Hala, Laboral Kutxan kontu korronte bat zabaldu dute, nahi duenak han diru ekarpen bat egin dezan: ES82 3035 0057 9205 7005 9033.