Pentsio duinen alde bat eginda aterako dira kalera herritarrak barikuan
Gaur egungo eta etorkizuneko pentsio duinen alde egiteko kalera aterako dira, pentsiodun eta bizilagunak. Oraingo honetan, gainera, Busturialdeko elkarte ezberdinek bat egin dute deialdiagaz; guztira zortzi taldek deitu dute mobilizazioa.
Gaur egungo eta etorkizuneko pentsio duinen alde egiteko kalera aterako dira, berriz ere Busturialdeko pentsiodun eta bizilagunak. Eskualde mailako mobilizazioa deitu dute, eta barikuan 19:30ean jarri dute hitzordua Gernika-Lumoko udaletxe aurrean. Oraingo honetan, gainera, Busturialdeko elkarte ezberdinak batuko dira mobilizaziora.
Uda aurreko azken eskualde mailako mobilizazioa deitu dute, eta batasunak indarra eta potentziala ematen dituela arrazoituta, eskualdeko hainbat elkartek bat egingo dute deialdiagaz. Bertan egongo dira Nagusiak elkartekoak, Gernikako Alargunen Elkartekoak, Gernikako Sare Feministako kideak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoak, Ernaikoak, eta LAB, ELA eta EHNE sindikatuko ordezkariak.
Euskal Herriko pentsiodunek euren mugimenduaren barnean sektore ezberdinak batzen dituen aterpea osatu dutela diote, eta horrek “indarra eta potentziala” eman dietela sinisten dute. Eta barikuko protesta da batasun horren seinale. Hala, barikukoa ariketa kolektiboa dela azaldu du Natxi Aranburu Busturialdeko Pentsionistak taldeko kideak: “Busturialdeko pentsidunak beste zortzi taldegaz bat eginda deitu dugu mobilizazioa”.
“Eskualdeko elkarteekin bat egitea da gure borrokaren aktibo garrantzitsuena”
Pentsio duinen beharra udalerriko sektore sozialetan presente dagoen gaia dela uste dute, eta elkartasun horren indarra azpimarratu dute: “Gure artean elkarte ezberdin asko dago, eta elkarte guzti horien artean, bat egitea lortu dugu. Hori da gure borrokaren aktibo garrantzitsuena”.
Gaur goizeko agerraldian egon dira Gernikeko Sare Feministako eta Ernaiko ordezkariak, eta eurek ere, pentsio duinen beharraren garrantzia azpimarratu dute. “Pentsioen aldekoa da eskualdeko mobilizazio anitz eta zabalena”, adierazi du Andrea Aiape Gernikako Sare Feministako kideak. Herritar guztiei eragiten diela pentsioek adierazi du, eta gizarte justuago baterako bidean aurrerapausoak emateko bizitza duinak edukitzea ezinbestekoa dela deritzo: “Bizitzak erdigunean jarri behar ditugu. Hala, pentsio duinen alde egitea ezinbestekoa da”. Emakume eta gizonezkoen soldata arrakala ere “izugarria” dela esan du, eta pentsiodun emakume zein gizonezkoen egoera “gogorrak” azaleratu ditu: “Asko izango dira hilabete bukaerara justu-justu heltzen direnak. Herri eta gizarte legez, ezinbestekoa da kalera ateratzea”.
“Arinago edo beranduago guztioi eragingo digun gai bat da pentsioena”
Imanol Ziluaga Ernaiko kideak gazteek pentsioei buruz duten ikuspuntua askotan “urrunekoa” izaten dela aitortu duen arren, ez diola sektore konkretu bati eragiten adierazi du: “Arinago edo beranduago guztioi eragingo digun gai bat izanik garrantzitsua da mobilizazioagaz bat egitea. Landu eta erantzun egin behar zaion gaia da”.
Hori horrela, eskualdeko gazte, emakume eta langile guztiak deitu dituzte bidelagun izatera, eta barikuko mobilizazioan parte hartzera. “Ez da erraza astelehenero-astelehenero borroka horretan egotea. Guk eutsi egin diogu, baina hau gizartearen arazoa da. Lortutako batasuna zaindu beharreko balorea da”.
Eskaerak. Urte eta erdi daramatzate eskaera konkretuekin. Ospetsua egin zuten %0,25 zifra, baina oraindik lortu beharreko hainbat eskaera dituzte. Hala, orain arte eskuratutakoak mobilizazioen ondorioak izan direla esanda, borrokan jarraituko dute: “Orain arte lortutakoa mobilizazioei esker lortu da, ziur gaude. Argi daukagu bidea luzea dela, baina jarraituko dugu gaurko eta biharko pentsio publikoen defentsan”.
Hala, ezinbesteko pentsio publiko duinak aldarrikatuko dituzte beste behin. Gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eskatuko dute, baita gutxieneko 1.200 euroko soldata edukitzea ere, “soldata justurik ez badago gatz etorriko baitira pentsio duinak”. KPIaren igoera legez bermatzea, 2010 2011, 2012 eta 2013 urteetako lan erreformak indargabetzea, energiaren probeziagaz amaitzea, soldaten eta pentsioen genero arrakalagaz bukatzea eta alarguntasun pentsioak %100 bermatzea dira eskaera horietako batzuk.
Guzti horiek bermatu beharreko eskubideak direla adierazita, borrokari “tinko” eutsiko diete. Hala ere, atsedenaldia egingo dute uda garaian, baina irailaren 16an lanari ekiteko prest itzuliko dira: “Inork ez zigun esan borroka hau laburra izango zenik, borroka luzea da, eta horregatik, zoritzarrez, berriro ekin beharko diegu mobilizazioei irailaren 16an”.