Luhuso eta Gernika lotuko ditu aurten Orain Presoak txirrindulari itzuliak
Uztailaren 19tik 21era egingo dute bizikleta martxa, Sareren ekimenez. Antolatzaileek gogora ekarri dute ETAren desegitea eta "gizarte zibilaren konpromisoa" irudikatzen dituela Luhusok, eta "bizikidetzaren eta bakearen eredu" dela Gernika-Lumok.
Iaz Mont de Marsan (Frantzia) eta Zaballako (Araba) kartzelak lotu ondoren, aurten Luhusotik (Lapurdi) Gernika-Lumora (Bizkaia) egingo du Sarek bizikleta martxa. Uztailaren 19an abiatuko da Orain Presoak itzulia ETAren armagabetzearen, desegitearen eta “gizarte zibilaren konpromisoaren sinbolo” den herritik, eta hiru egunera amaituko dute ibilbidea, Gernika-Lumon, “bizikidetzaren eta bakearen eredu” den herrian. “Oraindik orain, biktima guztiak eta espetxeen auzia askatuko duten akordiorik gabe, Euskal Herrian ezin dugu bake integral eta egiazkoaz hitz egin”, ohartarazi dute antolatzaileek: “Egoera honek elkarbizitza ahalbidetzeko esparruak sortzea zailtzen baitu”. Gogora ekarri dutenez, EPPK-ko 254 presoetatik, %65 600 kilometro baino urrunago daude. Beste %21, berriz, 400 kilometro baino urrunago.
Hiru etapatanegingo dute martxa. Uztailaren 19an, Luhusotik Zarautzera (Gipuzkoa) joango dira txirrindulariak, handik Lekeitiora uztailaren 20an, eta Lekeitiotik Gernika-Lumoko helmugara, azkenik, uztailaren 21ean. Otorduak, lotarako eta dutxatzeko lekuak nahiz osasun arreta antolatzaileen esku izango da, eta horretarako, 50 euro ordaindubeharko dituzte parte hartzaileek. Itzuli osoa egin gabe, etapa bat egiteko ere eman dute aukera, 20 eurotan. “Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dira zeharkatuko ditugun herri sarreretan, etapa osoak egin gabe, zatitxo bat egin nahi dutenak batu ahal izateko”, azaldu dute. Sareren webguneanjarri dute informazio guztia.