Bide berriei ekiteko, pausatu
Ez da Eako Poesia Egunik gehiago egingo. Antolatzaileek diotenez, "minez" bada ere, agur esango diete poesia egunei, baina "gogoz" daude egitasmo berriak arakatzeko.
Hamabost urtetan Ean jositako haria eten egingo da, ez baita Poesia Egunik gehiago egingo. Iazkoak izan ziren azkenak, eta aurten jada ez dira izango; uztaileko hirugarren asteburuan, beraz, ez da kresalak bustitako errezitaldirik egongo.
“Beste hari bat jarraitzeko intuizioa eta gogoa jaio zaizkigu, eta laster helduko diogu hari berri horri” diote Eako Poesia Egunen antolatzaileek. “Minez” esan dute agur, baina “pozik” daude urtez urte jositako guztiagaz. “Gogotsu” daudela diote, gorputzak atsedena eskatzen dielako, eta buruan berriz, egitasmo berrietan arakatzeko gogoa dutelako.
Pausatzeko premia daukatela nabarmendu dute antolatzaileek, batez ere ziklo baten bukaera iritsi dela sentitzen dutelako, eta eraldatzeko gaitasuna ez agortzeko. “Albo baterantz egin beharra dago, edo hobeto esada, alboetarantz; bazterretatik hobeto antzematen baita zentralitatea. Zurrunbilotik at kokatu, eta zikloei bidea egin dezaten utzi. Edo akaso, zirkuluaren hasierara itzuli, gure buruari patxadaz erreparatzeko, nola ari garen ikusteko, tresnak berritzeko, edota birpentsatzeko”.
Kultur espazio ireki eta zabala izan dira Eako Poesia Egunak hamabost urtetan
Gainera, berritzaile izateak haustura dakarrela onartu dute, eta garai berriek modu eta gogo berriak eskatzen dituztela uste dute. Orain, hutsunea eta zuloa sentiarazteko unea dela diote.
Kultura ez dela kudeaketa hutsa, eta etengabeko mugimenduan bizi dela jakinda, ziur daude Poesia Egunik gehiago egon ez arren, euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako kulturak bizirik jarraituko duela: “Literatur plazan konfiantza osoa dugulako eta euskarazko kultura mila adierazpidetan berreraikiko dela badakigulako”.
Tradiziotik abiatu eta ikuspegi berritzaileen elkargunea izan dira Eako Poesia Egunak, “adierazpideetan zein euskarrietan”. Ekimen herrikoia antolatzea izan zuten jomugan, baita berritzaile izateko bokazioa ere. Hala, Euskal Herriko agertoki artistiko eta literario ohikoenetan antolatzen ez dituzten egitasmo artistikoak landu dituzte Herrijeri Emon Arnasa kultura taldekoek urtez urte.
Poesia beste diziplina artistikoekin harremanetan jarri dute, eta errezitaldiak ez ezik, askotariko agerpenek hartu dute herria behin baino gehiagotan. Horren adibide dira, kalez kale egindako antzerkiak, kontzertuak zein solasaldiak. “Horiek guztiek elikatu dute poesia gogoa eta agerrarazi dute izan badela kultur ikuspegi berritzailerako goserik kulturzaleen artean”, diote arduradunek.
2004az geroztik finko. 2004an antolatu zen estreinakoz egitasmoa, egun bakarreko egitarauarekin, Gabriel Aresti omentzeko asmoz. Eta urtez urte handituz joan da ekimena.
Hala, poesiari buruzko iritzi guztiak zalantzan jarri dituzte behin baino gehiagotan. “Poesia izan dugu adierazpide eta gogoetagai nagusi; poetikotasuna izan da gure sarea, gure portua”. Poesia mailu bat da? galdetu zuten 2005. urtean, eta Poesia hilda dago baina ez naiz ni izan kezkak ardaztu zuen 2010. urteko egitaraua. Halaber, poesiak espazioak hartzeko dituen zailtasunez hitz egin zuten 2015ean, eta lurrean zein harri artean poesia lantzeko zirrikituak aurki daitezkeela erakutsi zuten iaz. Azken egitarauaren leloa Lurra sustraietatik orri izan zen.
Lehen egunetik, kultur espazio irekia eta zabala sortzeko bokazioarekin aritu direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta, hala, Eako Poesia Egunak ezberdinen arteko “batzar” bilakatu direla diote, korronte anitzetako sortzaileei egin zaielako lekua. “Askatasun horrek eman du bere fruitua, eta pentsamendu kritikoak egin du bere bidea gurean”.
Hurrengo urteetan kultur plazak poesia zaleak berriz batuko dituela diote
Orain, talatik begiratzen diote egindakoari. Ea espazio berezi bilakatu dela uste dute, “herritarrentzako zein Eara bertaratutako guztientzat”. Herriak duen txikitasunetik Euskal Herri osora zabaldu dira Poesia Egunak. “Publiko fidela eduki dugu, urtero-urtero hurbildu dena, eta Eako Poesia Egunen sarea osatzeko funtsezko izan dira. Bere txikitasunetik kultur esparruan Euskal Herriko bazter guztietatik eta euskaraz hurbildu zaizkigu sortzaileak”.
Berbak berba dakarrela ere uste dute, herritik sortu eta herritik zabaldu baita hitza. Hala, urtez urte, proposatutako gaietatik abiatuta, hizlari eta artistek propio egin dituzte hitzaldi eta errezitaldiak.
Gainera, espazio naturalak kultur plaza bihurtu dituzte. Itsasertza, Bedarona, Natxitua, tala, hondartza… asko izan dira poesien aterpe. Naturguneak izan dira protagonistak, eta hala gogoratzen dute: “Natur guneak askotan testuinguru poetikoen portagonista izan dira. Inguruak mugitu gaitu gunez gune, eta inguruari esker sortu dira hainbat bizipen ahaztezin”. Artelanei lekua egin dietela aitortu dute, karteletan zein oharretan estetika bat errotu dutelako urtero, “bertako margolarien lanek jantzi baitituzte kartel eta oharrak”.
Femenismoak ere poesian etxea hartu duela ere uste dute: “Gora egin du emakume sortzaileen kopuruak, eta parte hartzaileen artean gero eta emakume gehiago eduki dugu”. 2007an Emakumearen unibertsoa literaturan landu zuten, eta ordutik, genero ikuspegia hizpide izan duten hainbat ekitaldi, hitzaldi eta mahai inguru egin dituzte Poesia Egunetan.
Halaber, Zaldiarri izeneko bilduma sortzeko urratsak ere Eako Poesia Egunetan eman zituztela aitortu dute, “sinergiak sortu ditugu artelan eta hitzaldien artean, beren beregizko testu eta diseinuekin”. Hamabost urteetako errepasoa eginda, eskerrak eman dizkiete urte horietan Ean izan diren sortzaile, hizlari, ilustratzaile, bidelagun, artista, editore eta zaletuei.
Peosiak bere lekua izaten jarraituko du edozein herriko txoko txiki zein handienetan.
Beste hari batzuei tiratuta ere, poesia gustuko dutenek beste nonbaiten bat egingo dutela badakite Poesia Egunetako arduradunek: “Elkartuko gaitu kultur plazak, egon ziur, eta beste hari batzuk korapilatuko ditugu elkarrekin, baita orri zuri berriekin jolastu ere”.