Euskal Herriko zesta eskoletako kideak batuko dira Jai Alai frontoian datozen bi asteburuetan
Ume eta gazteak elkar ezagutu, partidak jokatu eta pelota modalitate honek etorkizuna baduela aldarrikatzeko helburua dauka topaketak.
Euskal zesta-puntaren harrobiaren hiriburu bilakatuko da ekainean Gernika-Lumo. Izan ere, Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako 50 pelotari inguru bilduko dira Jai Alai frontoian, laugarren urtez.
Bi asteburutan jokatuko dituzte bertaratutako pilotariek neurketak. Gazte mailakoek emango diote hasiera aurtengo topaketari, domekan [ekainaren 16a]. Hurrengo asteko zapatuan [ekainaren 22a], aldiz, alebinen txanda izango da, eta domekan [ekainaren 23a] txikiek zein kadeteek jokatuko dute. Ohiko formatuan izango dira partidak, 6 eta 10 urte bitartekoenak izan ezik. Hauek kiniela amerikar erara jokatuko dute.
Jai Alai frontoiko ateak 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara irekiko dituzte. Sarrera doakoa izango da.
Etorkizunari begira. Euskal Herriko zesta-punta eskolen arteko topaketan etorkizuneko pilotari onenak batuko dira. Hala nola, Bidart, Zumaia, Hondarribia, Beotibar, Donostia, Mutriko, Gasteiz, Noain, Cabanillas eta Berriozarreko zesta ikasleek parte hartuko dute. Gernikako Jai-Alai Zesta-Punta Eskolak bederatzi bikote kantxaratuko ditu, maila ezberdinetan. “6 eta 17 urte bitarteko ume eta gazteak elkar ezagutu, partidak jokatu eta pelota modalitate honek etorkizuna baduela aldarrikatzeko helburuarekin” antolatzen dute urtero arduradunek topaketa.