475 igerilarik parte hartuko dute MDK Swim itsas zeharkaldian
Antolatzaileek esan dutenez, iazko irabazleak dira faborito nagusiak: Adnan Mustafic eta Nerea Murua. Itsaso barea espero dute zapaturako [ekainaren 15a].
Bermeo eta Mundaka lotuko dituen MDK Swim itsas zeharkaldiak 475 igerilari batuko ditu zapatuan [ekainaren 15a]. Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, emakumezkoen partaidetzak gora egin du, izan ere, 112 emakumek eman dute izena. Itsasoari dagokionez, bare mantenduko dela aurreikusten dute: “Ipar-mendebaldeko haizeak atzetik emango die kirolariei, beraz ez dute arazorik izango”.
12:30ean ekingo diote igerilariek Bermeoko portutik eta 2.500 metro egin beharko dituzte Mundakara iristeko. Azken igerilariak ordu bete eta hogei minutu izango ditu proba bukatzeko. Aurretik baina, 09:00etan dortsalak hartu beharko dituzte Lehendakari Agirre plazan.
Sariak eta faboritoak. Neoprenoagaz zein neoprenorik barik egin daiteke itsas zeharkaldia, eta parte hartzaile guztiei txip bana emango diete, euren denborak jakiteko. Hala, lehen hiru gizon eta emakumeak sarituko dituzte 14:00etan; baita bi herrietako lehen igerilariak ere.
MDK Swim probaren antolatzaileek aurreratu bezala, iazko irabazleak dira faboriuto nagusiak: Adnan Mustafic eta Nerea Murua. Mustaficek mutilen saileko errekorra lortu zuen iaz, 27 minutu eta 8 segundoko igeriketa saioa egin ostean. Emakumezkoetan, aldiz, Irati Mendia Garciak lortu zuen 2016an: 31 minutu eta 17 segundo.
Hurbiltasuna. Iaz aproba egin ostean, aurten ez dute itsas zeharkaldia streaming bidez emango: “Ez zuen ia jarraipenik izan, beraz, erabaki dugu inbertsioa antolakuntza eta parte hartzaileak elkarrengandik hurbilago egotera bideratzea. Adibidez, igerilari guztiei poltsa bat emango diegu eskuoihal batekin, janari eta edari gehiago…”. Kirol materiala ere zozketatuko dute, laguntzaile eta babesleek oparitutakoa.
Urtero egin bezala, MDK Swim itsas zeharkaldiko antolatzaileek lortutako dirua elkarte edo erakiundeei bideratuko diete. Aurten, Salvamento Maritimo Humanitario GKEari 1.200 euro inguruko donazioa egingo diote, mediterraneo itsasoan pertsonak erreskatazteaz arduratzen den taldeari. Mundakako Arraun taldeari ere ekarpen ekonomiko bat egingo dietela azaldu dute. Azkenik, laguntzaile eta babesle guztiak eskertu nahi dituzte: “Beraiek barik proba hau prestatzea ezinezkoa litzateke”.