Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako langileak sinadurak batzen ari dira
Ahalik eta sinadura gehien jaso nahi dituzte, eta horiek guztiak Lakuan aurkeztuko dituzte, ekainaren 13an, 11:00etan. Herritarrei dokumentua sinatzeko eskaera luzatu diete.
Hezkuntza Sailak “bereari gogor eusten jarraitzen” diola diote Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako (HHI) ordezkariek. Hala, maiatzaren 21ean egin modura, ekainaren 13an ere euren aldarrikapenak Lakuara eramango dituztela jakitera eman dute. “Ahalik eta sinadura gehien jasoko ditugu, eta horiek guztiak Lakuan aurkeztuko ditugu ekainaren 13an, 11:00etan”, diote EAEko HHI zentroetako zuzendariek.
Besteak beste, HHI zentroetako langileek Irakaskuntza Arauturako (titulua lortzera bideratuta dagoena) eta Irakaskuntza Ez Arauturako (bizialdi osorako ikaskuntza) trataera berdina eskatzen dute. Horrez gain, zerbitzu publikoa defendatu eta indartzearen alde egiten dutela gaineratu dute. “Helduen Hezkuntzako eredua eta ikastetxeen antolaketa eta beharrak negoziatzea eta adostea eskatzen diogu Jaurlaritzari”.
Ahalik eta sinadura gehien batzeko, herritarrei Lekeitio, Ondarroa, Markina-Xemein edo Gernika-Lumoko zentroetatik pasatzeko deia egin diete. “Pasatu eta dokumentua sinatu, mesedez”.