Bermeo Arraun Argazkiak taldearen lana aitortu du Traineruen Kluben Elkarteak
Eusko Label Liga eta Euskotren Ligaren aurkezpen ekitaldian saritu dute talde bermeotarra. Urdaibaiko arraunlariek CaixaBank Koroaren erreplika jaso dute.
Donostiako Kursaalean egin zuten zapatu arratsaldean Eusko Label Liga eta Euskotren Ligaren aurkezpen ekitaldia.
Urdaibaiko arraunlariek iazko ligako txapeldun izateagatik CaixaBank Koroaren erreplika jaso zuten, eta San Juan Iberdrolakoek Euskotren Garaikurrarena.
Halaber, lehengoz, TKEren sare sozialetako jarraitzaileek saritu bat aukeratu ahal izan dute, eta urte askotan arraunari buruz egin duten lana eta jarraipen zorrotza aitortu eta eskertu zieten Bermeo Arraun Argazkiak taldea osatzen duten kideei.
Hala, iazko denboraldiko traineru azkarrenen errekonozimenduak banatzen hasi zuten gala. Eusko Label Ligan Urdaibai Avia izan zen sariduna; Boiroko estropadan egindako 4,79 m/s-ko abiaduragatik, eta Euskotren Ligako saritua San Juan Iberdrola izan zen; VII Euskotren Banderan lorturiko 4,35 m/s-ko abiaduragatik.
Bestalde, 2018ko Patroi Onenaren Arrauna Ander Etxegoien San Pedroko patroiarentzat izan zen. Gainera, Etxegoienen eskutik ezagutu dugu aurtengo denboraldian CaixaBank Patroi Onenaren sailkapeneko liderrak jantziko duen diseinu berria. Aurtengo ekitaldiaren beste berritasunetako bat Urrezko Arraunak izan dira. Euren taldeetan egindako ibilbideagatik Iñaki Goikoetxea, Lekittarra Elecnorreko patroia, eta Itziar Olasagasti, Orio Babyautoko arraunlaria saritu zituzten zapatuan.
Bestalde, iazko Eusko Label Ligako entrenatzaile guztiek parte hartu duten bozkaketa batek eman dio Mikel Orbañanos, GO fit Hondarribiako prestatzaileari, Entrenatzaile Onenaren Arrauna.
Bestalde, Berdin-Berdinak Kirol Elkarteari Kirol Merezimenduaren Arrauna eman zioten, kirol inklusiboaren arloan egindako lan gogorragatik.