8,51 puntutako gogobetetze maila lortu du Araneko kiroldegiak
Lurreko zein uretako kirol ekintzen inguruko inkestak egin ditu Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak kiroldegiko erabiltzaileen artean.
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak kirol ekintzetako erabiltzaileen artean egindako bi inkesten arabera, Araneko kiroldegiak 8,51 puntutako gogobetetze maila lortu du. Izan ere lurreko ekintzen parte hartzaileena zein uretako ekintzetan parte hartzen dutenena berdina izan da.
Bi inkesten barnean hainbat alorrei buruz galdetu diete kiroldegiko jardueretako parte hartzaileei: ekintzei buruzko informazioa, izena emateko prozedura, antolaketa, kopurua, ordutegia eta prezioa izan dira, besteak beste, erabiltzaileei egindako galderak.
Lurreko kirol ekintzei dagokienez, galdera guztietan lortutako puntuazioa 5,99tik gorakoa izan da; puntuaziorik altuena 9,16 izan da. Monitoreen gaitasun profesionalak, bestalde 9,16 puntu jaso ditu eta 5,99 puntu prezioari buruz egindako galderek.
Uretako kirol ekintzen inkestan, bestalde, galdera guztietan lortutako puntuazioa 6,69tik gorakoa izan dela jakinarazi dute udaletik. Kirol guneari buruzko galderak 6,69 puntu izan ditu. Berriz ere, monitoreen gaitasun profesionala izan da erabiltzaileek gehien baloratu dutena, 8,86 puntugaz.
Hobetzen jarraitzeko lanean. Irune Ormaetxea Bermeoko jarduneko Kirol Saileko zinegotziak azaldu duenez, inkestek kudeaketa hobetzeko helburua dute. Lortutako datuekin pozik azaldu da zinegotzia.
Bere berbetan, datu horiek “oso onak” dira, eta “erabiltzaileak eskainitako zerbitzuekin pozik daudela adierazten dute”. Ildo horretan, “kirolarien asebetetze maila mantentzeko eta hobetzeko lanean jarraitu behar” aldarrikatu du Ormaetxeak.