8 tona hondakin batu dituzte Urdaibaiko kostaldean, Ozeanoen Munduko Egunean
Gaztelugatxeko Donienetik Elantxoberaino Urdaibaiko kostalde osoa zeharkatuz, denetariko hondakinak jaso dituzte urpean, hondartzetan zein bide bazterretan 2.500 boluntario eta 300 urpekarik.
Izena eman zuten, eta egin beharrekoak egin dituzte. Ozeanoen Munduko Egunean 8 tona hondakin batu dituzte 2.500 boluntario eta 300 urpekarik Urdaibaiko kostaldean. Gaztelugatxeko Donienetik Elantxoberaino Urdaibaiko kostalde osoa zeharkatuz, denetariko hondakinak jaso dituzte urpean, hondartzan zein bide bazterretan.
Zero Plastiko Urdaibai jardunaldiak aurreikuspenak bete ditu, eta kostaldeko hondakin kantitatea nabarmen murrizteaz gain, ozeanoetako arazoari buruz herritarrak kontzientziatzeko ere balio izan du. Bermeoko Izaro Sub urpekaritza kluba, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia dira ekimenaren sustatzaileak. Eguerdian Ekoetxea Urdaibain bilduta eman dute goizaren balorazioa, eta balorazio positiboa egin dute: “Oso pozik gaude lortutakoagaz, egunak aurreikuspenak bete ditu, eta jendearen erantzuna txalogarria da”.
Goizetik hasi dira herritarrak garbiketa lanekin, eta 14 gune ezberdinetan bilduta, boluntario bakoitzak bere ekarpena egin du; lehorreko zaborraz gain, itsasokoa ere bildu dute Izaro Sub klubeko urpekariek eta inguruko kaietan dauden ontzietako kideek. Boluntarioek jakinarazi dutenaren arabera, denetariko hondakinak jaso dituzte, eta plastiko kantitatea nabarmena izan da eremu guztietan. Plastikoari dagokionez, erabilpen bakarreko mahai tresnak izan dira nagusi, baita mugikorrak ere.
Goizeko 09:30 inguruan hasi dira urpekariak Bermeoko portura gerturatzen, eta bertan egon da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua den Iñaki Arriola ekimenean parte hartzen ari ziren bolondres eta urpekarien garbiketa lanak hurbiletik jarraitzen. Arriolak jardunaldiaren lehenengo balorazioa egin du bertan, eta herritarren konpromisoa goraipatu du: “Familia askok gaurko Ozeanoen Mundu Eguna ospatu nahi izan dute plastikoak biltzeko jardunaldi honekin bat eginez. Egia da urtero ozeanoetan bukatzen duten 8 milioi tona plastikotik zati oso txikia baino ez dugula bilduko gaurkoan, baina ekintza txikiekin handiak lortzen dira. Eremu txikian eredugarria den ekintza egingo dugu, mundu osoan zehar eredu izateko”.
Izan ere, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban urtero-urtero 350.000 tona plastiko hondakin sortzen dira, eta horietatik % 42 hirietan; hori da herritarrek eta komertzioek sortutzen dutena. Gainera, sortzen den kopuru guzti horretatik, laurden bat bakarrik birziklatzen dela jakinarazi du sailburuak: plastikoaren % 13 energia bihurtuz balorizatzen da eta % 61 zabortegietan uzten da.
Halaber, gaurko jardunaldiak plastikoaren erabileraren murrizketa bultzatu duela uste du, “ahaleginak eginda plastikoarekiko menpekotasuna mugatu daitekeela ikusi dugulako”. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saila plastikoei buruzko estrategia zehatza lantzen ari dela adierazi du sailburuak, eta estrategia hori Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hurrengo Hondakinen Plangintzan txertatuko dutela aitortu du: “Estrategia hiru ardatzetan oinarritzen da: plastikoa murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea”.
Kontzientzia harzeko eguna. Kostaldea garbitzeaz gain, herritarrek kontzientzia hartzeko eguna izan da. “Pentsatzen duguna baino plastiko gehiago dago begi biztan. Gaur ingurua garbituko dugu, gure ekarpena egingo dugu, baina garrantzitsuena kontzientziazio lana da; plastikoaren arazoa gauza larria baita”, azaldu du gaur goizean Laidan zegoen Zero Plastiko jardunaldietako arduradun batek.
Laidan plastikoa biltzen zegoen boluntario batek ere “beharrezko” ekintza zela gaurkoa adierazi du: “Beharrezkoa da horrelako jardunaldiak gehiagotan bultzatzea” . Beste batek, berriz, jendeak pentsatzen duena baino plastiko gehiago dagoela ingurunean dio: “Begi aurrean daukagu plastikoa, eta ez gara ohartzen arazoaren benetako larritasunaz”.
Zaborra hondakin handiekin lortzen du jendeak, baina hondartzetako hondarretan zein edozen lekutan mikroplastiko asko dagoela erakutsi dute gaur boluntarioek. Hori bilatu, eta lortu dutela diote: “Batez ere hondarrean dauden mikroplastikoak batu ditugu Laidan. Hondarra batu eta bertan jasotzen diren plastikoak bildu ondoren, flotazioaren bitartez zer zen plastikoa eta zer ez ikusi dugu”. Asko ikasi dute boluntarioek, eta aurrerantzean plastiko gutxigo erabiliko dutela adierazi dute askok eta askok.
Jendearen prestutasuna ikaragarria izan da, eta herritarrak zoriondu ditu ingurumen sailburuak. “Jardunaldian parte hartu duten guztiak zoriondu behar ditut, euren erantzuna bikaina izan da, eta lan zoragarria egin dute”, adierazi du Arriolak.
Iñaki Arriola sailburuak zenbait boluntarioren ondorioak entzun ditu egunean zehar, eta bera ere bat etorri da langileekin: herritarren kontzientziazioa bultzatu behar da. “Aldaketak kontsumo ohiturak aldatuz besterik ez ditugu lortuko”, aitortu du Arriolak. Halaber, instituzio eta enpresa handien lana plastikoaren erabilera gutxitzea dela onartu du, baina eginbeharra guztiona dela adierazi du: “Instituzio eta enpresa handien lanak berebiziko garrantzia du, baina ahalegin txiki asko batuz gero, gauza handiak lor ditzakegu. Gure planetaren etorkizuna gure eskuetan dago, eta guri dagokigu ohitura onuragarriak eskuratzea”.
Lanak bukatuta Busturiko Ekoetxea Urdaibai batu dira boluntarioak. Irrintzi Alai dantza taldearen dantza ikuskizunagaz gozatzeko aukera eduki dute, eta boluntarioei bazkaria eman diete, “parte hartzea eskertzeko eta indarrak berreskuratzeko”. Giro paregabea egon da, eta arratsaldean ere berdin jarraitzea aurreikusi dute.
Arratsaldeko egitaraua:
- 16:30-18:30. Bisita gidatuak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erakusketara.
- 16:30-18:30. Eskultura erraldoia Lesley Yendell artista britainiarraren eskutik.
- 16:30-18:30. Plastikoak birziklatzeko tailerrak.
- 18:30-21:00. Kontzertuak. Konboak: K1º, K2º, K3º eta Some Rockers. Ostean, Kicking and Alive eta Maren-en kontzertuak.