Grebekin jarraitzen dute Bizkaiko Metalgintzako langileek
Sektorean gaurkotutako hitzarmen "duin" bat lortzeko, eta langileen "lan eta bizi baldintza duinak" bermatzeko egin dute greba. Eskualdeotako enpresa handi zein txikietako langileak atera dira kalera.
Bizkaiko metalgintzako langileek behar dituzten lan baldintza “duinak” eskatzeko grebak egin dituzte egunotan metalgintzako sektorean; eskualdeotako enpresa handi zein txikietako langileak gaur ere kalera atera dira.
Behar dituzten lan baldintzak bete ditzaten eskatzeko, sindikatuek grebak iragarri zituzten, eta hitza bete dute. Maiatzaren 23an egin zuten lehen lanuztea, eta atzo eta gaur ere kalera atera dira langileak. Akordiorik lortu ezean, ekainaren 20an eta 21ean egingo dituzte hurrengoak.
LABek jakinarazi duenez, Busturialdean, metalgintza sektoreko langileen %60k egin du bat grebagaz; datu horiek maiatzaren 23ko grebaren antzekoak dira. Besteren artean, Nemako, Talleres de Gernikako, eta Zabalako langileen %100 atera dira kalera.
LAB, ELA, CCOO eta UGTk deitu zituzten lanuzteak, eta erabaki hori “guztion onerako” izango den hitzarmena adostearen beharra arrazoi hartuta erabaki zuten. Hala, etorkizuneko hitzarmen guztien oinarrian egongo diren eskubide eta baldintzak zehaztu gura dituzte.
2003. urteko hitzarmena. Bizkaiko metalgintza sektorean 2003. urtean onartutako hitzarmena dago indarrean, eta sindikatuak eta patronala hitzarmen berri bat negoziatzen ibili dira azken 15 hilabetean, baina ez dira adostasunera iritsi. Hala, sektorean gaurkotutako hitzarmen “duin” bat lortzeko, eta langileen “lan eta bizi baldintza duinak” bermatzeko egin dute greba.