Baserritarren Eguna ospatuko dute ereñarrek, bihar
Herriko produktuak, txakolin eta gazta dastaketa, dantza, musika, bisita gidatuak... eskaintza zabala prestatu dute.
Baserritarren edota euskal jantziak soinean jartzeko eguna dute bihar, Ereñon.
Hainbat berritasunegaz prestatu dute aurtengo egitaraua, baina aldaketa nagusia azokaren kokalekua izango da. Izan ere, herriko plazan obrak egiten ari direnez, elizaren inguruan jarriko dituzte erakus zein salmahaiak eta txosna.
11:00etatik aurrera, herriko produktuen dastaketagaz hasiko dute Baserritarren Eguna. Era berean, artisau produktuak erosteko aukera ere edukiko dute bertaratzen direnek.
12:00etan ostera, txakolina probatzeko unea izango dute, gaztagaz lagunduta. Inguruko upategien eskutik egingo dute txakoli dastaketa. Hain zuzen ere, Arratzuko Mintxisko eta Gautegiz Arteagako Pipiren txakolinak izango dituzte Ereñon.
Musika eta dantzak. Jai giroak ez du etenik izango. Eguerdi partean, esaterako, Kabelinatxe dantza taldeko umeek saioa egingo dute.
Halaber, Eingo Dantzan eta Kantan taldeko musikariek jarriko diote doinua egun handiari.
Giro paregabea bermatuta edukiko dute bihar. Zer ikusi, zer erosi eta zer dastatu izango dute Ereñora bertaratzen diren bizilagunek zein inguruko herritarrek.
Jan-edanik ez da faltako, eta esaterako, Ereñoko andrak taloak txorizoagaz prestatzen ariko dira, eta 14:30ak aldera bertako produktuez betetako karretila eder bat zozkatuko dute.
Behatokira txangoa. Bestalde, aurreko zapatuan zabaldu zuten Arte eta Natura Ereño Behatokira bisita gidatuak egingo dituzte, 10:30etan eta 12:00etan, doan.
20-25 pertsonako taldeak osatuko dituztela jakitera eman dute, eta beraz, aurretiaz izena eman behar da udaletxean (94 625-46 21).