"Ikasteko unean ia-ia ez dagoela mugarik transmititu gura dugu"
Ikastearen oinarri neurologikoei buruz ariko dira Montes eta Erezuma bihar 19:00etan Argiaron. Ikasketa prozesuari buruzko hitz egingo dute, eta mindfulness teknika aztertuko dute.

Ikasketa prozesuen garrantzia aztertuko dute bihar Martin Montes eta Nerea Erezuma pedagogoek Argiaro Coworking zentroan –Fray Martin de Murua 6, Gernika-Lumo–. Besteren artean, mindfulness teknika zer den eta zein onura dituen aztertuko dute, baita praktikan jarri ere. Gaurko hitzaldiaz gain, beste hiru hitzaldi aurreikusi dituzte; ekainaren 26an, irailaren 18an eta urriaren 9an leku berean.
Zer da Ikastearen oinarri neurologikoak izeneko hitzaldian gaur landuko duzuena?
Martin Montes: Ikastaren oinarri neurologikoei buruz hitz egingo dugu, eta horretarak burmuinaren prozesuak aztertu eta ikasiko ditugu; hala ere, ez gara sakontasun teknikoetan sartuko, jendeak ez daukalako prozesu neurologikoei buruzko jakintasuna eduki behar hitzaldira gerturatzeko.
Zein da hitzaldiagaz transmititu gura duzuena?
M.M: Ikastaren prozesuari buruzko zenbait mito aztertuko ditugu. Izan ere, ikasteko unean ez dagoela mugarik transmititu gura dugu; ia-ia ez daukagu mugarik. Horretarako, neuroplastizitatea zer den azalduko dut, eta mugarik ez dagoela erakusteko, bi kasu aztertuko ditugu; burmuin erdia daukan pertsonarena, eta hidrozefaliagaz ia bizitza normala egiten duen gaztearena. Halaber, prozesu neurologikoak zelan ematen eta garatzen diren aztertuko ditugu, izan ere, lehenengo hiru urteetan asko garatzen da burmuina. Eta estresari buruz ere hitz egingo dugu, estresa eta emozioei buruz. Ikasteko unean horiek berebiziko garrantzia dute eta. Tarte honetan, mindfulness teknikari buruz hitz egingo dugu.
Ezer ez dakienarentzat zer da mindfulness?
M.M: Gertaera edo pentsamendu bakarrean kontzentratuta egoten laguntzen digun teknika da: une bakoitzean pentsatzen, sentitzen edo egiten ari garenean arreta jartzen erakusten digu. Informazioa leku askotatik datorkigu, eta askotan ez gara konturatzen egiten ari garen guztiaz. Egunean milaka pentsamendu izaten ditugu, eta mindfulness teknikak soilik gauza batean pentsatzen laguntzen du. Ez da burua uztea, gauza jakin batean pentsatzea baino.
Zertarako da baliagarria?
Nerea Erezuma: Estresa kentzen laguntzen digu teknikak. Emozioen gestioan lagungarria da, estresa bideratzen laguntzen baitu. Teknika erabiltzen hastean, errazago bideratzen dira pentsamendu eta sentimenduak. Erronka baten aurrean erantzun onena aurkitzen laguntzen du. Izan ere, askotan automatikoki ematen ditugun erantzunak ez dira gure gustukoak. Teknika honen bitartez, zelan eratzun behar den ikasten da. Bai eta norberarentzako beharrezkoa den denbora hartzen ere, gauzak prozesatzeko.
M.M: Ikasteko teknika oso garrantzitsua da. Izan ere, estresa ez edukitzea eta emozioak kontrolatzen jakitea berebizikoa da ikasteko prozesuan.
Teknika hori praktikan jartzeko metodoak erakutsiko dituzue biharkoan?
N.E: Praktika txiki bat egingo dugu. Informazioa zentzuen bitartez jasotzen dugula ikusiko dugu, eta horiek gorputzean zelan sentitzen eta prozesatzen ditugun ikasiko dugu. Musikak lagunduta arnasketa batzuk egingo ditugu. Hitzaldian azaldutakoa euren gorputzetan sentitzeko praktika izango da.
Nori zuzendutako saio da?
N.E: Printzipioz irakasleei eta gurasoei zuzendutako hitzaldia da, baina gaia gustatzen zaion edonor hurbildu daiteke.
M.M: Hitzaldi interesgarria da ikasketen prozesua zelakoa den jakin nahi duen edonorentzako. Izan ere, gaztetatik hasten gara gauzak eta egoera prozesatzen.