Gizon bat atxilotu dute Bermeon, elkarte batean lapurtzea egotzita
03:45 lapurreta alarma piztu da Alde Zaharrean. Ertzaintzak, Bermeoko Udaltzaingoagaz elkarlanean, 25 urteko gizon bat atxilotu du.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gaur, 03:45 aldera alarma zerbitzu batek Bermeoko Alde Zaharreko elkarte batean lapurreta abisua jaso eta Ertzaintza ohartarazi du.
Berehala herritarren babeserako Ertzaintzaren patruilak mugiarazi dituzte gunera. Iturri berberak adierazi duenez, patruila horiek establezimenduen eta itxitako guneen indarrezko lapurreten aurkako ekintza planaren barnean kokatuta daude. Ekintza plana Ertzaintzak Bermeoko Udaltzaingoagaz elkarlanean gauzatzen du.
Establezimendura heltzerakoan, guneko gela batek argiak piztuta zituela egiaztatu dute, eta barruan pertsona bat zegoela. Agenteak establezimendura sartu eta pertsona identifikatzeari ekin diote. 25 urteko gizon bat dela zehaztu dute. Azaldu dutenez, susmagarria zegoen lekutik hurbil kableak kenduta zituen kutxa erregistratzaile bat aurkitu dute, plastikozko boltsa baten barruan.
Hankaz gora. Horretaz ohartzean, elkartea miatzeari ekin diote. Segurtasun Sailak nabarmendu duenez, elkarteko beste gelak “hankaz gora” aurkitu dituzte, eta lurrean “txanponez beteta” zegoen itsulapikoa ikusi dute. Horrez gain, goiko pisuko balkoi bat indarrez irekita zegoela ikusi dute, baita manipulatutako muturra zuen labana bat eta giltza finko bat ere. Ertzaintzako agenteen ustez tresna horiekin susmagarriak atea indarrez ireki eta etxe aurretik igoteari ekingo zion.
Frogen ebidentziagaz, eta susmagarriak ustez lapurtutako 50 euroko billete bat zeramala ikusita, polizia etxera eraman dute indarrez egindako lapurreta leporatuta. Segurtasun Sailak nabarmendu duenez, gaur goizean, izapide guztiak burutu ostean atxilotua auzitegira eraman dute.